Bihar zabalduko ditu ateak Veva Linazaren ‘Alegoriak ez du gorputzik’ erakusketak

baleike 2018ko urt. 18a, 11:19

Unibertsitateko Arte Ederren Graduko irakaslea den artista getxotarrak, lehenengo aldiz aurkeztuko du bere lanetako bat Zumaian. Azken urteetan aztertzen eta ikertzen dabilen alegoria kontzeptuaren inguruko hausnarketa da erakusketa.

2018. urtean Alondegian aurkezten den lehen erakusketak badu sakontasunetik eta konplexutasunetik zerbait. Alegoria kontzeptua oinarri hartuta, Genoveva Linazak, Vevak, azken urteetan gai honen inguruan aztertu eta ikertu duen emaitza da Alegoriak ez du gorputzik izenburua duen erakusketa. “Proiektu berri bat da, eta hemen ikusiko ditugun lanak duela bi urtetik hona egindakoak dira”, aipatu du Linazak. Erakusketa honetan margotzearen prozesua azpimarratu nahi du. “Nire lan egiteko modua metatze prozesu bat da. Pixkanaka-pixkanaka geruzak eraikitzen joaten dira euskarrian, eta metatze prozesu hori irudikatzea da nahia”, nabarmendu du.

Alegoriaren kontzeptua sinbologiarekin uztartzen da askotan, baina Linazaren ustez, alegoria oraindik eta urrunago doa. “Historian zehar asko idatzi da kontzeptuaren inguruan, eta esaten da ez dela sinbolo bat bakarrik. Alegoriaren ideia, irudi, koadro edo dena delakoan agertzen ez diren gauzek osatzen dute. Ez da sinbologia bakarrik. Oso misteriotsua da”, gaineratu du. Hala, bere diziplinara ekarrita, ideia horrekin bat egiten du Linazak bere lanean. Hau da, ideia batekin hasten da lanean, baina zerbait eraikitzen edo gorpuzten duenean, esanahia berarekin joaten da. “Alegoria da ideia edo keinu bat garraiatzea eta beste modu batean eraikitzea. Nolabait gorputza hor dago baina bere mamia edo esanahia berarekin doa. Beste modu batean esanda,  artista batek sortutako gorputzean sinbolo bat agertzen da, baina hortaz sakontzen baduzu konturatzen zara ez dela sinboloa. Alegoriak ihes egiten du sinbolotik. Zerbait gehiago da, nolabait desagertu egiten da”.

Naturarekiko zaletasuna

Urtarrilaren 19tik otsailaren 4ra bitartean izango da erakusketa ikusgai Alondegiko Oxford aretoan astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara; eta jaiegunetan, 12:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Guztira, ehunean egindako zortzi bat koadro eta paperean egindako beste horrenbeste lan izango dira aretoan. Horietatik batzuk tamaina handiko obrak dira, baina guztiak kolore biziz jantziak. “Tailerrean, margotzen dudan bitartean, kolore biziak erabiltzen ditut; hori eskatzen dit gorputzak. Oso lan koloretsua atera zait, biziegia akaso”, kontatu du barrez.

Naturaren presentzia oso garrantzitsua da Linazaren obra guztietan, eta proiektu honetan ere agertzen dira zaletasun horren zantzuak. “Askotan hurbiltzen naiz naturara gauzak aztertzeko. Margotzerako garaian, paisaiak dira askotan nire abiapuntuak. Adibidez, proiektu honetako papereko lanetan paisaia hartu dut margotzeko oinarrizko ideia bezala”, kontatu du. Hala eta guztiz ere, natura biziaz gain, natura hilaren kontzeptua ere garatu du beste lan batzuetan. Ganbarako egunak izeneko proiektuan esaterako, etxeko ganbaran osatutako seriearen asmoa zen ganbararen eta margotzearen metatze prozesua uztartzea. “Barruko espazio batean, ganbara batean kasu hartan, egin nituen obrak natura hilak ziren. Beraz, natura hila eta biziaren arteko lanketa bat egitea gustatzen zait”.

Pinturaren inguruko hausnarketa bat da erakusketa, eta metatze prozesua mahai gainean jartzea du helburu. Margolan bakoitzaren azpian ez du kartelik jarriko. “Prozesuaren mugimendu hori azpimarratu nahi dut.  Erakusketaren sarreran nire lanaren nondik norakoak azaltzen duen testu bat jarriko dut. Alegoriari buruzko ni neuk idatzitako testu bat izango da, eta lagungarria izango da erakusketa ulertzeko”. Izan ere, alegoria historian zehar eraikitzen joan den kontzeptua da. “Historian zehar garatzen eta metatzen joan diren ideiak biltzen dira bere esanahiaren barnean. Eta guk,  zerbaiten emaitza ulertzen dugu oinarri edo sustrai bat eginda dugulako. Orduan, alegoria ez da bakarrik sinbolo bat, metatze prozesu bat ere bada. Azkenean hasieran zen gauza, ideia edo irudia amaitzen denean beste emaitza bat izaten da, hasierako ideia hori joan egiten baita. Eta niri pinturarekin hori gertatzen zait”.