Ikasleak udalerria ezagutzeko programan murgilduko dira

Baleike 2018ko urt. 17a, 15:35

Urte berriari hasiera eman eta Zumaiako ikasleak udalerria ezagutzeko heziketa programan murgiltzear daude. Urtarriletik martxora bitartean herriak bizi duen bilakaera aztertzeko ekintza ezberdinak burutuko dituzte, gizakiak ingurumenari eragindako kalteen inguruan hausnartuz eta ohitura onak sustatuz.

Zumaiako Udalak antolatutako ingurumen heziketa programa honetan, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBHko 1go eta 2. mailako ikasleek hartuko dute parte. Hala, Zumaiako Institutuko, Zumaiako Herri Eskolako, Maria eta Jose ikastetxeko eta Oikiako Herri Eskolako 480 ikasle inguruk parte hartuko dute, eta programaren garapena Arazi enpresako hezitzaileen laguntzarekin burutuko da.

Lehen hezkuntzako 5. mailako ikasleek ‘Denboraren bila’ ikas-unitatea landuko dute. Ikasleek Zumaiako historian zehar bidaiatuko dute, Zumaiak hiri gutuna lortu zuenetik gaur egun arte, beti ere ingurumenarekiko arreta berezia edukiz eta Zumaian eman diren aldaketak aztertuz. Jarduera horri girotze saio baten bitartez emango diote hasiera ikasgelan. Bigarren elkargunea, ordea, Kofradia izango da, bertatik abiatuko baitute Zumaiako historian zehar taldeka burutuko duten bidaia.

Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek ‘Argazki rallya’ landuko dute. Unitate horren bitartez, Zumaiako azken ehun urteotako historia ezagutuko dute ikasleek. Horretarako, taldeka bildu eta, argazki zahar eta berrietan oinarrituz, azken ehun urteotako historiaren zergatiak aztertuko dituzte. Unitatearen garapenean zehar, argazki berriak ateratzeaz gain, leku horiei buruzko dokumentazioa aurkitu beharko dute ikasleek. 2018an Oikiako argazki zaharrak txertatu dira materialetan.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako  1. mailako ikasleek ‘Zumaia eta Artea’ unitatea landuko dute. Jarduera horretan zehar, Zumaiako historiaren garapena ezagutu eta herriko eraikin esanguratsuenak aztertuko dituzte, haien testuinguruetan eta ezaugarrietan sakonduz.

Azkenik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako  2. mailako ikasleek ‘Ontzigintza Zumaian’  unitatea landuko dute. Ikas-unitate horretan, Zumaiako herrian ontzigintzak izandako garrantziaz gain, egungo egoera aztertuko dute. Hala, ikasgelan burutuko den saioaren ondoren, Astilleros Balenciaga S.A. ontziolara bisita burutuko dute, ontziak egiteko urratsak bertatik bertara ezagutuko dituztelarik.

Programa honen bidez Zumaiako ikasleek herriaren ezagutzan sakonduko dute.