Plastikozko tapoiak jasotzeko edukiontzia jarri dute Zumaian

Baleike 2018ko urt. 15a, 15:15

Botilen eta tetrabriken plastikozko tapoiak jasotzeko edukiontzi bat jarri berri du Udalak Eusebio Gurrutxaga eta Ignacio Zuloaga plazen artean dagoen edukiontzien gunean, birziklapen etxolaren aldamenean. Era horretan, Solidaridad y Esperanza gaixotasun arraroen elkartea bultzatzen ari den ekimen solidariora atxikitu da Udala. 

Irabazi asmorik gabeko elkarte honek Azpeitian du egoitza eta gaixotasun neuromuskularrak dituztenei lagundu eta, bereziki, Duchenne gihar-distrofia gaixotasunaren ikerketa bultzatzeko sortu zen. Haren buru den Sergio Gomez izan da edukiontzi hau aurkezten, Jon Iraola Zumaiako Udaleko zinegotziarekin batera.

Gihar-distrofia haurrengan diagnostikatzen den eta soilik gizonezkoei eragiten dien gaixotasuna dela informatu dute. Gaixotasun hori genetikoa eta hereditarioa da, eta gaur egun ezin da sendatu. Hori dela-eta, ikerketarako dirua lortzea ezinbestekotzat jotzen dute.

Antzerako edukiontziak beste hainbat herritan jarri direla nabarmendu du Gomezek, eta kanpaina honetara gero eta udal gehiago atxikitzen ari direla ere azpimarratu du: “Eibarren, Azpeitian, Lezon, Zestoan... Guztira 17 lekutan ditugu tapoiak jasotzeko edukiontziak. Kanpaina erantzun ona jasotzen ari da”.

Edukiontzi honetara botiletako eta tetrabriketako plastikozko tapoiak bota daitezke, “birziklatzeko errazak direlako”. Bildutako tapoi hauen birziklapenetik ateratako etekinak bere osotasunean gaixotasun arraro hauen ikerketara bideratuko dituela ziurtatu du Gomezek. Hala, Zumaiako Udalak emandako laguntza txalotu du. “Laguntzak gehitzen ari gara haur gaixoei laguntzeko”.

Zumaiako Udalak, helburuarekin bat egin eta bere laguntza eta elkarlana eskaintzeaz gain, zumaiarrei dei egin nahi izan die plastikozko tapoi hauek edukiontzi berrira botatzeko.