Otsailaren 1ean jarriko da martxan hondakinen sistema berria

baleike 2018ko urt. 15a, 14:24
Argazkia: Kultur Atelier.

Otsailean sartzearekin bat, hondakin sistema berria jarriko da martxan Urola Kostako Udal Elkartea osatzen duten bost herrietan. Gaur goizean Elkartearen egoitzan egindako agerraldian, fase berriaren inguruko zehaztasunak eman dituzte. Bertan izan dira Igor Iturain, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria, eta bost udaletako ordezkariak.

Herritarrentzat, udalerrientzat eta ingurumenarentzat ahalik eta sistema egokiena adostu eta martxan jartzeko pauso garrantzitsua emanaz, Urola Kostako Udal Elkartea osatzen duten alderdi politiko guztiek (EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Irabazi eta Orain), aho batez onartu zuten zabor bilketa mankomunatzeko akordioa. Urtebete geroago, otsailaren 1ean hain zuzen, hondakinak sailkatzeko sistema berriari martxan jartzeko unea iritsiko zaio.  

Sistema honen bitartez, hiru urteren buruan hondakinen %75 gaika jasotzea da asmoa. "Hondakinak biltzeko sistema berriak hiru bilketa zerbitzu nagusi izango ditu: herritarrak, industriaguneak eta komertzioak eta ostalariak", zehaztu du Iturainek. 

Herritarrak bost edukiontzi bidezko bilketarekin jarraituko dute, errefusaren eta organikoaren edukiontziak txartel bidez irekiko direlarik. Txartelak norberari dagokion bizi eremuko edukiontziak irekiko ditu bakarrik eta, egunero, 24 orduz, erabili ahal izango da.

Bestetik, komertzioak eta ostalariak bi multzotan banatuko dira: sortzaile txikietan eta ertain-handietan. Sortzaile txikiek herritarren bilketa sistema bera izango dute, txartel bidez irekiko dituzte errefusaren eta organikoaren edukiontziak; beste hiru edukiontzien kasuan orain arte bezala funtzionatuko dute. Sortzaile ertain-handiei, aldiz, gaikako bilketa zerbitzua eskainiko zaie puntuz puntu honako frakzioak jasotzeko: organikoa, papera-kartoia eta errefusa.

Azkenik, industrialdeetan puntuz puntu bilduko dira astean behin ondorengo frakzioak: organikoa, errefusa, ontzi arinak, egurra, papera-kartoia, plastiko filma eta poliespana.

Arreta zerbitzua, hiztegia eta aplikazioa

Sentsibilizazio eta informazio faseak bukatuta, ezarpen fasean barneratuko da hondakinak biltzeko sistema berria. Hala, datozen egunetan errefusaren eta organikoaren edukiontziak ireki ahal izateko, herritarrek txartelak beren etxeetan jasoko dituzte gutun bidez. "Txartel horiek soilik irekiko dituzte beren etxebizitzari dagokion bilketa puntuko organikoaren eta errefusaren edukiontziak. Txartelak galdu edo hondatuz gero, berri bat udaletxean edota Udal Elkartean eskuratu ahal izango da".

Ezarpen fase honetan, otsailaren 15era arte errefusaren eta hondakin organikoen edukiontziak zabalik egongo dira (txartelik gabe irekitzeko), baina otsailaren 15etik aurrera txartela beharko da. Hala ere, zalantzak argitzeko arreta eta informazio zerbitzuak bost udalerritan izango dira astelehenetik larunbatera urtarrilaren 22tik otsailaren 2ra. Zumaiaren kasuan, arreta zerbitzua astelehenetik ostiralera izango da. Goizetan, 09:00etatik 14:00etara udaletxean, eta arratsaldetan, 17:00etatik 19:30era Beheko plazako jubilatuen etxean.  Horrekin batera, datorren astean, eskualdeko postontzi guztietan hondakinak bereizten laguntzeko esku-orria banatuko da. Gainera, Udal Elkarteko webgunean hondakinak sailkatzeko hiztegia kontsultatu ahal izango da; "hondakin mota bakoitza non bota behar den zalantza sortzen denean, herritarrek bertan begiratuta jakingo dute non sailkatu. Aldi berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak pasa den  azaroan martxan jarritako InguruApp doako aplikazioa jaitsi daiteke Play Storetik. Gaikako bilketarako laguntza tresna izango da herritarrentzako, izan ere, erabiltzaileak bilatzailearen bidez jakin dezake zein edukiontzitan utzi behar duen hondakin bakoitza bere udalerriko bilketa sistemaren arabera. Are gehiago, edukiontzi bakoitzaren bidez ere egin ahal izango da kontsulta eta egiten diren akatsik ohikoenen berri izan", esan du Iturainek.

Helburuak eta abantailak

Zerbitzu berriaren helburua da erraztasunak eman eta birziklatze tasa handitzea: gaur egungo %40ko tasatik %60ra igaroko gara 2018an, %70era 2019an eta %75era 2020an. Horrek abantaila nabarriak ditu, izan ere, errefusa gutxitzearekin tratamendu kostuak murriztuko dira, herritarrek edukiontziak 24 orduz eskura izaten jarraituko dute, merkatariek, ostalariek eta enpresek zerbitzu hobea jasoko dute eta, landa eremuan, birziklatzeko aukerak biderkatuko dira.

Bide honetan, kale hezitzaileen papera garrantzitsua izango da. Arreta zerbitzu gunean laguntza emateaz gain, sistemaren ezarpenari zuzeneko jarraipena egingo diote. "Kalean edukiontzien inguruan ibiliko gara herritarrei laguntzen. Enpresei zein komertzio nahiz ostalariei sistemara egokitzen lagunduko diegu. Urola Kostako Udal Elkarteko hezitzaile, langile eta arduradunak laguntzeko egongo gara eta sor daitekeen edozein arazo konpontzen saiatuko gara uneoro", adierazi du Igor Iturainek.