Hossegorreko lagunen omenaldia jaso du Manuel Mugerzak

Baleike 2018ko urt. 15a, 11:15
Manuel Mugertza Hossegorretik etorritako lagunekin, atzo Aitzurin.

Duela 40 bat urte egon zen lanean Manuel Mugerza Hossegorreko pilotalekuan. Atzo ezusteko omenaldia egin zioten Aitzurin hango lagunek. Arrasto sakona utzi zuen seinale.  

"Aitak bost bat urte-edo egin zituen Hossegorren lanean, kantxa zaintzen eta hango haurrei erakusten. Duela 35-40 urteko kontua da, baina Hossegorreko jendeak gogoan du oraindik, eta atzo Aitzurira etorri ziren, aitari eskertzeko egin zuen lan guztia", azaldu digu Migel Mugerza semeak.

Sorpresa izan zen Manuel Mugerzarentzat, ezer jakin gabe eraman baitzuen semeak pilotalekura. "Aitari esan nion gazte batzuk zeudela pilotalekuan jokatzen eta ikustera joango ginela, eguerdi partean. Hara azaldu ginenean Hossegorreko lagunak inguratu zitzaizkion eta sekulako sorpresa izan zen aitarentzat. Oso atsegina izan zen, oso pozik zegoen aita".

 

Opariak ere ekarri zizkioten: "Hossegorreko klubeko elastikoa ekarri zioten, poster batzuk, eta klubaren historia jasotzen duen liburua. Aita agertzen da argazki batzutan. Eta foie grasa ere ekarri zioten...". Elkarrekin bazkaldu eta arratsalde pasa ederra egin zuten Hossegorreko eta Zumaiako lagunek.