Gipuzkoako Eskola Txikien festaren hasiera ekitaldia egingo da bihar Oikian

Baleike 2018ko urt. 11a, 11:16

Ekainaren 10ean Gipuzkoako Eskola Txikien festa ospatuko da Oikian, eta horren harira, hasiera ekitaldia egingo da bihar, urtarrilaren 12an, Oikiako pilotalekuan, 19:30ean.

2018 urtea oso berezia izango da oikiarrentzat, izan ere, ekainaren 10ean Gipuzkoako Eskola Txikien festa ospatuko da bertan. Oikiako Eskola Txikiaren esanetan, "aurretik ere ohituta gauden arren, auzolanean jarduteko urtea izango dugu bereziki aurtengoa. Eta prest gaude horretarako".

Urte berezi honi hasiera emateko, bihar, ostirala, Oikiako pilotalekuan hasiera ekitaldia egingo dute. Horretarako, ahalik eta jende gehien bildu nahi dute, besteak beste argazki jendetsua ateratzea baitute helburu. "Haur txikienetatik hasita, etxeko aiton-amonetara, herrian zein kanpoan bizi diren oikiarrak, guzti-guztiok ongi etorriak izango dira bertan. Eta, jakina, gomendagarria da festarako atera diren arropak jantzita joatea", aipatu dute eskolako arduradunek.