baleike.eus

“Kolore gorriaz haratago, auzoko jendea janztea da nahia”

baleike 2018-01-10 17:11   Gizartea

Angolako hiriburua den Luandatik 45 kilometrotara aurkitzen den altzairu fabrika batera joan zen  lan egitera Joakin Aristi 2016ko urrian. Lantegiaren inguruan dagoen auzoan igarotzen du denbora librea, eta urte bete eta hilabete gutxi honetan, harreman handia egin du bertakoekin. Elkarbizitza horretatik sortu da auzoa gorriz janzteko ideia.

Arraun zaletasunak elkartu zituen Joakin Aristi eta Jexux Eizagirre, eta zaletasun horren ondorioa da Angolako auzo bat gorriz janzteko ideia. Istorio honen hasiera ordea, 2016ko urrian aurkitzen da. Garai hartan, Luandatik 45 kilometrotara dagoen altzairu fabrika batera lan egitera joateko deitu zuten Aristi. Hasiera batean lanbidea erakusteko asmoz joan zen, probatu eta bertan jarraitu zuen lanean. Lehenengo etapa hori hiru hilabetekoa izan zen, eta ondoren, 2017ko otsailean berriro abiatu zen. “Ekainera arte egon nintzen bigarren txanda horretan. Hasiera hartan hainbat euskaldun joan ginen, baina orain gutxi gelditzen gara. Azpeitiar eta pasaitar bana, eta ni”, azaldu du. Iazko uztailetik etorri gabe zegoen, eta pasa den Errege egunean itzuli zen Zumaiara, eta hilaren 25ean bueltatuko da Afrikara.

Barra do Dande herrixkan aurkitzen da lantegia. “Kartzela bezalakoa da. Fabrika dago, eta horren inguruan gure etxeak daude. Hau guztia itxitura baten barruan eta segurtasunarekin”, kontatu du. “Aldamenean auzo bat dago. Txaboletan bizi dira, miseria gorrian, baina gure salbamendua da hara joatea. 500 bat pertsona bizi dira bertan. Hiruzpalau taberna daude, eta han ibiltzen gara gustura. Bertako jendea ezagutu dugu, eta izugarrizko harremana egin dugu”, jarraitu du.

Kulturaniztasun handia dago fabrikan; indiar asko, turkiarrak, filipinarrak… Enpresa handia da, 600 bat lagun ibiltzen dira lanean. “Jende dezente joan zen hara lanera, kondizio onak eskaini zizkiguten, baina egia esan, errealitatea ez da horrelakoa izan”, esan du. Enpresa barnean aurkitzen diren arrazismo eta bidegabekeria zantzuekin amorratzen da askotan. “Adibidez, gure kasuan, bakoitzak bere etxea daukagu, bungalow modukoak direnak. Angolarrak berriz, seinaka bizi dira etxe berdinetan. Jangelan ere bereizketa egiten da. Txurientzako bat eta beltzentzako beste bat dago. Guri ura eta ogia ematen dizkigute, beltzei ez. Nik hori ezin dut ikusi”, nabarmendu du.

Misiolari lana

Iazko martxoa-apirila aldera, auzoko zenbait haurrek Zumaiako arraun taldeko hainbat kamiseta jantzi eta argazki bat bidali zuen Aristik. Argazki hartan, Telmo Deuneko banderak ere agertzen ziren. “Oroigarri bezala eraman nituen, hango etxean jartzeko edo, baina azkenean auzoko taberna batean ipini nituen”, aipatu du.

Afizioa baina, ofizio bihurtzeko bidean doala dirudi, izan ere, arraunean ere jarri ditu hango biztanleak. “Kirolaren nondik norakoak azaldu dizkiet, bideoak erakutsi… Arraunean ere jarri genituen lurraren gainean, eta Zumaiako himnoaren zatiren bat abesten badakite”, gogoratu du irribarretsu.

Hogei egunetarako etorri da Zumaiara, eta orain, Jexux Eizagirrerekin batera, auzoa gorriz janzteko kanpaina jarri dute martxan. “Gure helburua 50 kamiseta gorri eramatea da. Horretarako herriko tabernetan itsulapikoak jarri ditugu jendeak bere aportazioa egiteko”, kontatu du Eizagirrek.

Aristik kontatu duenez, behar handia dago auzo hartan.  Umeak hanka hutsik ibiltzen dira, jatekorik gabe, arroparik gabe… Hondarra eramaten dute ahora, eta baita botilen txapak ere. “Berak ez du esango baina misiolari lanak egiten dabil Joakin”, nabarmendu du Eizagirrek. “Beti duzu buruan zer ikusiko ote duzun, zerekin aurkituko zaren, baina ezin da imajinatu ere egin”, aitortu du.

Oraingoz, 20 itsulapiko jarri dituzte tabernetan, baina beste 10 ipintzeko asmotan daude. Zumaiaz gain, Zestoako eta Azpeitiko hainbat tabernetan ere badaude. “Momentuz harrera oso ona izan dugu bai jendearen aldetik eta baita arraun taldetik ere. Azken hauei batzarrean komentatu nien eta pozik hartu zuten ideia. Ilusioa egiten die auzo hori gorriz janztea”, adierazi du Eizagirrek.

Auzoa gorriz zipriztinduko du Aristik hara bueltatzen denean, baina ekimen honen helburu nagusia, kamiseten kolorearen gainetik, auzoko jendeari arropa ematea da. “Umeak janztea da nire nahia. Arropak, oinetakoak… Denetarik behar dute. Nire neurrian, hango jendeari lagundu nahi dut”.

Angolara iritsi orduko kamisetak banatu eta argazki bat ateratzeko konpromezua hartu du Aristik. Beste erronka edo proposamen bat bota dio orduan Eizagirrek: “Auzotarrei Olentzero eta Gomezagoren abestia erakutsi behar diek. Afrikarrek izugarrizko belarria dute, eta gai ikusten ditut bi abestiak ikasteko. Ea datorren Gabonetarako bideo batean ikusten ditugun kantatzen”, amaitu du.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa