Luisa Etxeberria, urtarrileko Baleikeko azalean

Baleike 2018ko urt. 10a, 13:50

Gabon garaiaren ondoren, bueltan da Baleike aldizkaria. Urtarrileko zenbakiko azalera Luisa Etxeberria ekarri dugu. Bipolaritatea diagnostikatu zioten orain urte batzuk eta ordutik haren berri eman du hainbat lekutan. Terapiari, medikuntzari eta, batez ere, familiaren babesari esker, gaixotasunari aurre egitea lortu duela dio erreportaje honetan.

 

Iazko azaroan eta abenduan Munduko eta Espainiako txakurkros txapelketak irabazi zituen Kimetz Etxabe gazteak, junior mailan. Urtarrilaren amaieran jokatuko da Zumaiako txakurkrosa eta aukera egokia ikusi dugu aldizkariko orrietara ekartzeko. 

Kirolekin jarraituta, Xabi Landa zumaiarra elkarrizketatu dugu. Futbolean aritutako gaztea, ingeniaritza ikasketak egiten ari da, baina, baita ere, kulturista da Landa. Aldaketa honen berri ematen digu elkarrizketa honetan. 

Zer garen jakiteko nondik gatozen jakitea ez dago gaizki. Hala, ondarearen atalean, Goikotorrearen eta Elorriaga familiaren historia bildu dugu.

Urtarrileko Baleike aldizkaria aste honetan bertan jasoko duzue bazkideok. Besteok aste amaieran izango duzue salgai ohiko saltokietan.