Bi antzezlan izango dira asteburuan Aita Marin, neguko antzerki hiruhilekoari hasiera emateko

Baleike 2018ko urt. 9a, 19:30

Komedia zoro bat eta fantasiaren mundurako bidaia bat. Genero hauetan mugitzen diren bi antzezlan ikusteko aukera izango da asteburuan Zumaiako Aita Mari zinean, neguko antzerki saioen hiruhilekoaren hasieran. Ostiralean Ados Teatroa konpainiaren Idiot txou antzezlana izango da, 22:00etan, eta, igandean, Alizia lurralde miresgarrian haur antzerkiaren bi emanaldi: lehena 12:00etan eta bigarrena 16:30ean. Bi saioetarako sarrerak aurrez salgai daude Zumaiako turismo bulegoan: ostiralekoak 9,5 euroan (6 euroan Gazte Txartelarekin), eta igandekoak 4 euroan. 

Garbi Losadak idatzi eta zuzendutako antzezlana da ostiralean Zumaian izango dena. Asier Hormazak, Dorleta Urretabizkaiak eta Josean Bengoetxeak osatzen dute aktore taldea. Bi esatarik eta teknikari batek zuzeneko irratsaio bat egingo dute antzokitik zuzenean. Irratsaioak audientzia arazo larriak izango ditu, entzuleek apenas deitzen dutelako. Baina, hala eta guztiz ere, protagonistek entretenimendurako tarte bat izatea nahiko dute, arazorik gabe, audientzia lortu eta kaleratzea saihestuko diena. Baina, inortxok ere deituko ez duenez, aukera bakarra geratuko zaie: antzokiko ikusleekin hartu-emana izan eta entzule faltsuen rolak hartuaz deiak jasotzen ari diren itxurak egitea, betetze lanetarako sikiera.

Haur antzerkia, igandean

Haurrek ere izango dute antzerkiaz gozatzeko aukera. Hala, igandean, 12:00etan eta 16:30ean, Alizia lurralde miresgarrian antzezlanaren bi emanaldi izango dira Aita Mari zinean. Lewis Carrollek sortutako ipuinaren antzerkirako moldaketa da hau. Ipuin klasikotik abiatuta gaur egungo haurrei zuzenduta, ikastearen edertasunaz eta beharraz arituko da antzezlana. Kantu, dantza eta antzerkiarekin Alizia neska gazteak hainbat pertsonaia xelebre eta dibertigarri ezagutuko ditu. Haiei esker onartuko du, eskolan erakusten dioten bezala, matematika, ingurugiroa, elikadura eta hizkuntzak ikasteak sekulako onurak ematen dizkigula.

Martxoaren amaiera bitartean beste lau antzezlan izango dira: helduentzako Oxido (otsailak 17), Hysteria (martxoak 2) eta Ahora (martxoak 9), eta haurrentzako Jon Braun (martxoak 4). Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berria, Borobilean, (otsailak 12) ere izango da Zumaian, eta baita Oskarbi musika taldearen kontzertua ere (otsailak 23).