Bihar jakingo da Xey erosteko proposamenik aurkeztu ote den

Baleike 2018ko urt. 8a, 15:12

Abuztuaren 2an itxi zen ofizialki enpresa eta bere 140 langileak kalean gelditu ziren. Enpresaren ondasunak erosteko hautagaitzak aurkezteko epea bihar amaitzen da.

Xey enpresa abuztuaren 2an itxi zen ofizialki eta bere langile guztiak kalean gelditu ziren, baina oraindik ere hartzekodunen lehiaketa ez da amaitu eta bihar arteko epea dago ondasunak erosteko eroslerik ba ote dagoen jakiteko. Administratzaile lanak egiten ari den Norgestion taldeak bi zatitan banatu ditu enpresako aktiboak, epailearen oniritziarekin. Alde batetik Xey marka eta makinaria jarri dira salgai, eta bestetik pabilioia. Bihar jakingo da batean zein bestean interesa agertu duen eroslerik ba ote dagoen.
 
Joan den uztailaren 5ean jakinarazi zien enpresako zuzendaritzak langileei enpresa ixteko txostena aurkezteko erabakia hartu zutela. Enpresak zorrei (30 milioitik gorakoak) aurre egiteko gaitasunik ez zuela argudiatu zuen zuzendaritzak eta, inbertsore berririk gabe, enpresa likidatzea beste aukerarik ez zela gelditzen. Langileek orduan ez zuten erabaki onartu, eta azpijokoan ibiltzea leporatu zioten zuzendaritzari. Enpresako zuzendaritzak eskatutako sakrifizio guztiak onartu zituztela gogorarazi eta jarritako helburuak betetzen ari zirela jakinarazi zuten langileek. Haien iritziz, enpresa bideragarria zen erabat eta zuzendaritzaren erabakia ez zen onargarria. Eusko Jaurlaritzaren jarrera ere gogor kritikatu zuten langileek, enpresaren %30aren jabe izan arren, ez zuelako zuzendaritzaren lana behar bezala gainbegiratu.  
 
LAB sindikatua oso kritiko azaldu da gaur egungo egoeraren aurrean, eta pertsonak diruaren gainetik jartzeko eskatu du: “Proiektu industrial bat eta lanpostuen bermea jarri behar dira diru guztiaren gainetik, pertsonak diruaren gainetik. Proiektu berri bat martxan jar daiteke. Erosleren batek langileak hartzeko konpromisoa hartuko balu, eskaintza hori lehenestea eskatzen dugu.  Lanpostuen aukera ekarriko lukeen proiektua litzateke onena denontzat”.