"Aurrekontuen gabeziak konpontzeko EH Bilduren proposamenak atzera bota ditu EAJak Udal Elkartean"

Urola Kostako EH Bildu 2017ko abe. 22a, 13:51
Urola Kostako Udal Elkartearen (UKUE) 2018rako aurrekontuetan, EH Bilduk azpimarratu nahi dugu badirela lerro benetan interesgarriak eta gure babesa dutenak. Zentzu horretan, begi onez ikusi ditugu UEMArekin lankidetzan burutuko den proiektua, turismoan euskarak lehentasunezko presentzia izan dezan edo lan duin eta iraunkorra bultzatzeko martxan jarri genituen laguntzak mantentzea. Hondakinak biltzeko sistema berria gauzatzeko partida ekonomiko nagusia ere jasotzen dute aurrekontu horiek. 

Hala ere, Urola Kostako EH Bilduk esan beharra dugu EAJren zuzendaritzaren aldetik aurreko urtean akordiotara iristeko jarrera ikusi bagenuen -eta akordio batetara iritsi ginen azkenean- aurten ez dela horrela izan. UKUEko zuzendaritzak ez du jarrerak gerturatzeko saiakera nabarmenik egin eta gure hobekuntzak proposamen nagusiak ez dira aintzakotzat hartu.

Zabor bilketa sistema berriaren inguruan, esaterako, lehen ere azaldu genuen bezala, ezinbestekoa da behar besteko baliabideak bideratzea. Arrakasta izango badu eta dagoeneko sistema hori erabiltzen duten eskualdeetako esperientzia ikusita, ezarpen fasean indar berezia egin behar da. EH Bilduk ezarpen faserako 10 hezitzaileen beharra azpimarratu du eta horrela eskatu dio EAJri, baina atzera bota dute eta lau hezitzaile eta koordinatzaile bat bakarrik ariko dira bost herrietako 20.000 etxe eta 700dik gora komertziotan. Aldaketa guztietan bezala, sistema berri baten efikaziaren gakoetako bat ezarpen fasean jartzen den baliabideetan dago eta hori izan da gure proposamenaren arrazoia.

Bestalde, EH Bilduren ekimenez UKUEtik lan egonkor eta duinak sustatzeko ematen hasitako laguntzetan beste jauzi bat proposatu genuen. Positiboki baloratu dira orain arteko laguntzak eta, bide horretan, emakumeak laneratzeko eta parekidetasunean sakontzeko beste neurri bat eskatzen genuen: oinarrietako puntuaziotatik harago, emakumeen laneratzerako lerro berri bat sortzea. Baina hori ere ez dute onartu.

Azkenik, eskualde mailan eman behar diren gizarte zerbitzuei erantzun bateratua eman ahal izateko diru partida garrantzitsu bat proposatu genuen, egin beharreko eskumen aldeketak burutu eta zerbitzuen antolaketa eta lanetan murgildu ahal izateko. Eta honi ere ezezkoa esan diote.

Honenbestez, abstentzioa izan da EH Bilduren bozka. Gabeziak izanagatik, hainbat proiektu interesgarri ezinbestekotzat jotzen ditugulako eta ez dugulako horien gauzatzea oztopatu nahi. Urtean zehar, ikusi beharko da aurrekontuaren gauzatze maila zenbateraino eta nola betetzen den eta horretan jarriko dugu arreta.