Udalak ez du edukiontzirik jarriko San Juan Plazan

Baleike 2017ko abe. 22a, 12:45

Ricardo Torrek abian jarritako kanpainak izan du emaitza. Alde Zaharreko bizilagun talde bat Oier Korta alkatearekin bildu zen atzo arratsaldean hondakinen edukiontzien kokapenaz hitz egiteko. Torrek adierazi digunez, Udalak ez du azkenean edukiontzirik jarriko San Juan plazan.

Sinadura bilketa kanpaina jarri du abian aste honetan Zumaia etxeko bizilagunak, plazatxo honetan edukiontziak jartzeko asmoa zegoela ikusita eta hondakinen bilketarako gailuak ez jartzeko eskatzen. Egun gutxi hauetan 200 sinaduratik gora bildu ditu eta agerian utzi du gai honek Alde Zaharreko txoko honetako eta inguruko kaleetako bizilagunak kezkatu dituela.

Horren jakitun, bilera bat deitu zuen Udalak edukiontzien kokapenaz hitz egiteko. Bilera atzo arratsaldean egin zen eta, Torreren esanetan, 30 bat bizilagun agertu ziren. Hasiera batean edukiontziak Sanjuaniturriaren alboko plazatxoan jartzeko asmoa zuen Udalak, baina, bizilagunen iritziei so eginez, erabakian atzera egin du. 

Behin otsailean hondakinen biltze sistema berria martxan jartzen denean, Alde Zaharreko bizilagunek leku desberdinetara eraman beharko dituzte beraien hondakinak, etxebizitzaren kokapenaren arabera: moilara, Ardantzabidera edo komentu aurreko edukiontzietara. Ez, ordea, San Juan Plazara.