Pelax eta Abereh-ren kontzertua izango da gaur Torreberri Gaztetxean

Baleike 2017ko abe. 22a, 09:40

Egungo musika panoramako bi proposamen oso interesgarri elkarrekin taularatuko dira Zumaiako Torreberri gaztetxean. Pelax eta Abereh izango dira oholtza gainean, aurtengo uztak emandako disko interesgarrienetako bi aurkezten, zein baino zein. Saioa 22:30ean hasiko da.

Pelax
Talkak egiten du didaktika kaleratu berri du Pelaxek, Unai Pelayo musikari egiatar eskarmentatua buru duen taldeak. Rock oinarri sendoaren gainean folk, blues, country eta bestelako doinuak jorratuko ditu laukoteak. 

Abereh
Abereh, berriz, Erik Berganzan bakarkako proiektua da. Ibilbide haundiko musikaria da hau ere. Estricalla taldeko baxularia da, eta, aurrez, Hartzak Blues Band eta Hil Aiari taldetan ibilia. Doinu gogorretatik aldenduta, baina distortsioa baztertu gabe, Zaunka datoz arin diskoa autoekoiztu du. Dinosaur Jr, Husker Du eta antzeko taldeen zaleentzat aproposa zeharo.