Floridatik botila batean bidalitako mezu bat iritsi da Itzurunera

baleike 2017ko abe. 21a, 14:59

Pasa den igandean sorpresa atsegin batekin aurkitu ziren Iñaki Larrañaga eta bere lagunak txakurrarekin Itzurunera paseatzera joan zirenean. "Hondarretan, egur mordo baten inguruan, mezu bat zuen botila bat aurkitu genuen", kontatu du Larrañagak.

Literaturak eta zineak beti amestu izan dute itsasoan zehar, botila baten barnean, garraiatzen diren ezkutuko mezuekin. Lagunen arteko istorioak, maitaleen mezu erromantikoak...

Pasa den igandean, horrelako egoera batean aurrean aurkitu zen Iñaki Larrañaga zumaiarra. Itzurunera jaitsi zen eskuinaldean dagoen aldapatik, eta hantxe, hondarretan sartuta, mezu bat zuen kristalezko botila bat aurkitu zuen. "Kuriositateak bultzatuta, botila apurtu eta bertan zegoen papera hartu nuen".

Papera, hotel bateko txartela zela konturatu zen. "Bertan agertzen da hotelaren helbide elektronikoa ere, eta horren atzealdean dago mezua, baina nahiko ezabatuta dagoenez, ezin dugu ezer garbirik atera", adierazi du. Mezua Floridako Isla Morenatik dago bidalia, eta Daniel izeneko 9 urteko mutiko batek idatzi du. "Dirudienez arrantza barku batetik botatakoa da mezua, bertan, fishing boat, irakurri daitekeelako".

Larrañagak, Donostiako aquariumera deitu du itsas korronteen inguruan ikertzen duen norbaitekin kontaktuan jartzeko. "Informazio pixka bat lortzearren. Hala ere, Zumaiako biologo batekin hitz egin dut, eta bere iritziz, gutxienez, orain dela bi urte bidalitakoa izan behar du".