13,6 milioi euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du Udal Gobernuak

Baleike 2017ko abe. 18a, 14:02
2018an San Joseko igogailua jartzea aurreikusten dute aurrekontuek

Urte amaierarekin batera, datorren urterako aurrekontuak prestatzeko garaia da. Abenduaren 28an egingo da 2018rako udal aurrekontuak aztertu eta, batzarrak hala erabakitzen badu, udal kontuak onartzeko plenoa. Batzarrera eramango duen aurrekontuen proposamenaren berri eman du Udal Gobernuak. 

13.642.820 euroko aurrekontuen proposamena da Udal Gobernuak plenora eramango duena. Iaz baino 675.781 euro gehiago suposatuko du, “Udalak herriko argiteria hobetzeko IDAEko mailegua lortu duelako, Foru Aldunditik diru sarrera handiagoa izango duelako eta kudeaketa on eta eraginkorraren emaitza gisa, gobernu taldeak, legealdi hasieratik hona (2015-2017), Udalaren aurrezko gordina igotzea lortu duelako”, adierazi du EAJko Udal Gobernuak ohar baten bidez.

Udal kontuetan jasotzen diren berrikuntzen berri ere eman du ohar honen bitartez. Hala, gizarte ongizatearen sailean, Nagusien behatokia ekimen berriarentzat 55.000 euroko kopurua bideratu dela dio Udal Gobernuak. Programa horren helburua da Zumaian bizi diren pertsona nagusien egoeraren azterketa sakona egitea, “horrela adineko zumaiarren ezagutza integrala jaso, haien beharrak identifikatu eta horien arabera, gaur egun dauden zerbitzu eta prestazioak baloratu eta horiek momentuko zein etorkizuneko beharretara egokitzeko”. Era berean, adinekoei Gizarte Zerbitzuetatik eskaintzen diren zerbitzuen berri ematea ahalbidetuko du. Ildo beretik, adineko pertsonei zuzenduta Memoria Tailerra deituriko ekimena martxan jartzea proposatu du, “adinduek memoria entrenatu eta lantzeko teknika edota ariketa ezberdinak landu ditzaten, gaitasun hori galtzen ez joateko helburuarekin”.  

Gazteei begira, Alokairu beka programari jarraipena emango diola informatu du, 63.000 euroko diru partidarekin. Gazte on izeneko programa bultzatzea ere jasotzen dute udal kontuek, “ikastetxeen eta Udalaren arteko elkarlanaren bitartez, gazteak ingurumenarekin eta naturarekin lotutako auzo-lanetan inplikatu eta sentsibilizatzeko”. Hirugarren ekimen bat ere proposatu dute: Atorgune, aniztasun funtzionala duten lagunei zuzenduta. Helburua: asteburuko aisialdi talde bat sortu eta haientzat kultur edota kirol ekimen zein ekintzak garatzea.

Hezkuntzari lotuta, 122.500 euroko diru partida jasotzen du aurrekontuen proposamenak, “Sagarbide eraikineko parkea egokitu eta hezkuntza publikoko gainerako eraikinetan hobekuntza lanak egiteko”. Horrez gain, Zumaiako curriculuma deituriko ekimen berria garatzeko aurre lanak edota azterketa egiteko kontu saila ere jaso du proiektuak.

Irisgarritasunari eta mugikortasunari lotuta, 2018an TAO sistemaren bigarren fasea martxan jartzeko asmoa du Udal Gobernuak eta programa horretara 342.260 euroko diru partida bideratuko du. Irisgarritasun programa sortzeko asmoa ere azaldu du, 50.000 eurorekin. Zumaiako Irisgarritasun taldeak identifikatutako irisgarritasun arazo edota beharrei erantzuna ematea da helburua. Etxezarreta eremua herritartzeko proiektua idazteko kontu saila ere jaso du proposamenak, eta baita San Jose kaleko igogailu eraikitzeko kontu saila ere, “obrak 2018an hasi eta bukatzeko”. Larretxon ere igogailua jarri ahal izateko proiektua idazteko beste diru partida bat ere jasotzen da.

Inbertsioei dagokionez, Artadiko saneamendua egitea eta Santiagoko hondartzaren eremukoa gauzatzeko proiektua idaztea proposatu du; baita Estazioko saneamendu sarea berritzeko eta Arritokietako ponpaketa sistema eta Juan Belmonte zein Ortiz kaleko ur hornidura sarea hobetzeko ere.

Kirol arloan, 200.000 euro bideratuko dira Kiroldegiko azpiegiturak hobetzeko, eta beste kontu sail bat jasotzen da Mariantoneko kirol parkea 2018an estaltzeko.

Euskarari dagokionez, bi programa berri jasoko dira: 365 egun euskaraz eta Euskararen historia soziala aztertzeko beka, hain zuzen ere. Horretarako Euskara saileko kontu saila %28.12 (9.000 euro) handitzea proposatu du gobernu taldeak.

Datorren urtean bi lanpostu berri sortzeko asmoa ere azaldu du: udaltzaingoan ofizial orde postua eta kontuhartzailetzan teknikari mailako postu berri bat, alegia. Ludotekan ere langile baten lanaldia luzatzea aurreikusi da, bereziki hizkuntzarekin arazoak dituzten haurrekin lan egiteko. Horrez gain, 2018ra begira, 844.692€ko kontu saila bideratuko du Udalak UKUEra (Urola Kostako Udal Elkartea). Horren bitartez, besteak beste, euskara, turismoa edota tokiko ekonomia eta enplegua indartu eta sustatzeko ekimen eta programa desberdinak garatuko dira herritarrentzat eta era berean hondakin bilketa sistema berria ere martxan jarriko da.

Aurrekontuak abenduaren 28an egingo den Osoko Bilkuran onartzeko asmoa du Udal Gobernuak. “Gobernuaren nahia da behin betiko dokumentua oposizioko talde guztiekin batera lantzea, aurkeztutako proiektua osatu eta hobetzeko eta zumaiarren beharretara egokitutako Etorkizuneko Zumaia eraikitzeko”.