Haur txikienen eta familien garapena du helburu Txiribuelta Elkarteak

Baleike 2017ko abe. 14a, 20:00
Hainbat tailer antolatzen ditu Txiribueltak haur eta gurasoentzat.

Zero eta sei urte arteko haurrak dituzten 48 familia dira gaur egun Txiribuelta elkarteko kide. Elkarrengandik ikasi eta harremanak garatzeko sortu zuten duela hiru urte.

Duela hiru urte sortu zen Txiribuelta elkartea, haur txikienengan eta haien gurasoengan pentsatuta, zero eta sei urte arteko adin tartean hutsune handia zegoela ikusita. Familiak elkartzeko leku fisikorik ez zegoen –oraindik ere ez dute espazio propiorik lortu–, baina, horrez gain, esperientziak partekatzeko bilgune baten premia sentitu zuten hainbat gurasok. "Beste haur eta gurasoekin biltzeko leku fisiko eta egonkor bat lortzea da gure beharretako bat, horrek asko lagunduko ligukeelako elkartearen dinamikan: ekintzak antolatzeko, elkartzeko, gauzak gordetzeko, haurrekin jolasteko... Udalari eskaera egin zitzaion eta oraindik ez dugu erantzunik. Baina, horri soluzio bat eman bitartean ere, elkarteak aurrera segitzen du", azaldu dute zuzendaritzako kideek. Oraingoz, Alondegian, Torreberrin, Forondan, Zumaiako Herri Eskolan edota Maria eta Jose ikastetxean antolatu izan dituzte tailerrak eta bestelako ekintzak.
 
Elkar ezagutu eta esperientziak trukatzeaz gain, helburuak ondo zehaztuta dauzkate: "Besteak beste, haurren garapen osoa sustatzea nahi dugu; berdinen artean, elkarrekintzak suspertzea; hezkuntzari lotutako zalantzak eta gogoetak partekatzeko bilgune izatea; familien arteko komuni- kazio bide berriak zabaltzea; gizarte mailako gaitasunen garapena sustatzea; familia, eskola eta komunitatearen artean harreman eraginkorra sustatzea..." Eta helburu horiek guztiak lantzeko badute filosofia edo egiteko modu jakin bat: ezagutza partekatzea. "Txiribuelta Elkartean, gaur egun, 48 familia gaude; eta gure artean izaera, pentsaera eta ezagutza askotariko jendea gaude. Saiatzen gara elkarte barruan dagoen ezagutza hori partekatzen, gure artean antolatutako tailerren edo ekintzen bidez. Elkarrengandik asko ikasten dugu horrela". Gairen baten inguruko ezagutza kanpotik ekartzeko premia ikusten badute, adituren bat ekartzen dute.
 

Gutxienez, hilean behin biltzen dira ekintza jakin baten bueltan. "2017an egin ditugu, besteak beste, zirko tailerra, mozorro tailerra, margoketa tailerra, edoskitze tailerra, fosilen tailerra eta garbitasun tailerra; eta irteerak ere bai, Algorrira, Otezuriko aiton-amonengana, edota abenduaren 16an Ekogunera egingo duguna".
 
Eskolan jasotzen ez dituzten hainbat ekintzez gozatzeko aukera emateaz gain, elkarteko kideen iritziz Txiribuelta bilgune egokia da haur eta helduen harreman sarea zabaltzen eta aberasten laguntzeko. "Koadrilako betiko harremanetatik aparte, sarea zabaltzen laguntzen du, jende berria ezagutzen duzu; umeek ere, gelakoak ez diren beste lagun batzuk egiten dituzte; eta kanpotik Zumaiara bizitzera etorritakoentzat ere harremanak egiten hasteko helduleku bat da", azpimarratu dute  zuzendaritzako kideek.
 
Elkarteko kideek urtean 30 euroko kuota ordaintzen dute, sortzen diren gastuak ordaintzeko. Elkarteko kide egiteko aukera urte osoan zehar dago zabalik. Alondegian eta turismo bulegoan izango dira esku-orriak urte berriarekin batera; bestela, txiribueltabazkidetza@gmail.com helbide elektronikora idatz daiteke.