Maria Zubimendi: “Sari honek sinesgarritasuna emango dit eta ate batzuk ere, agian, zabalduko dizkit”

Baleike 2017ko abe. 13a, 09:59
Maria Zubimendi, erdian, irabazlearen txapela buruan duela. Argazkia: Goiena

Maria Zubimendi akordeoilari zumaiarrak Arrasate Hiria Nazioarteko Lehiaketa ospetsua irabazi du pasa den asteburu honetan, Neza Torkar esloveniarrarekin puntuetara berdinduta. 1997. urtetik ez zuen euskal akordeoilari batek lehiaketa hau irabazi.

46,03 puntura berdindu zuten Zubimendik eta Torkarrek, eta, ondorioz, bi lehen sari eman zituen epaimahaiak. Egindako elkarrizketan, Zubimendik garrantzitsutzat jotzen du lehiaketa irabaztea euskal akordeoilari komunitatearentzat.

Arrasateko Lehiaketa aurrez irabazi duzu kategoria ‘txikiagotan’. Orain nazioarte mailakoa irabazi duzu.

Irabazi dut haur mailan, juniorretan eta seniorretan. Espainia mailako lehiaketak dira hauek. Nazioarte mailan, orain hiru urte, bigarren saria jaso nuen. Nazioarteko lehiaketa irabaztea oso zaila da. Ez da bakarrik ondo jotzea; faktore asko sartzen dira jokoan: Ongi jotzea, errepertorioa epaimahaiari gustatzea, nola jotzen duzun eta nola transmititzen duzun... Hori guztia hartzen da kontutan puntuazioa emateko. Akordeoiarekin hasi nintzenetik orain arterako lanaren saria da. Hala ere, gure bidea oso luzea da. Diote musikari baten gailurra 30 urterekin dagoela. Sari honek indarra ematen du aurrera jarraitzeko. Alde horretatik oso polita eta garrantzitsua da niretzat. 

Azken 20 urtetan ez du euskal akordeoilari batek lehiaketa hau irabazi. Handia ere izango da zuretzat bi hamarkadako epe hori haustea.

Urte hartan, 1997an, irabazi zuena, Iñigo Aizpeolea, laguna edo ezaguna da, eta oso musikari ona. Jende hori beti izan da erreferente bat niretzat. Lorpen handia da niretzat, baina baita Euskal Herriko akordeoilari guztientzako ere. Ekialdeko herrialdeetatik, Txinatik edo beste herrialde potente batzuetatik etorritako akordeoilariek, agian, sinesgarritasun gehiago zuten agertokian, eta orain badirudi hemengo jendea ere maila horretara heltzen ari dela. Musikenen egiten ari diren lana aipagarria da; harrobiarekin sekulako lana egiten ari dira. Ni ere harrobi horren parte naiz. Aurtengo lehiaketa berezia izan da, Euskal Herriko hiru akordeoilari geundelako parte hartzen: Ane Urbizu tolosarra, Lore Amenabar, Irurakoa, eta ni. Lore Amenabar hirugarren izan da eta Ane ere maila horretan aritu da, goi mailan. Oso garrantzitsua da hori komunitatearentzat.

46,03 puntura berdindu duzu Neza Torkar esloveniarrarekin. A zer berdintasuna!

Oker ez banago, lehen aldia da lehen saria ex aequo ematen dela. Esan zidatenez berdinketa zehatza egon zen, bai jo beharreko obran, bai programa librean ere. Horren aurrean, ezin izan zuten bati lehen saria eman eta besteari bigarrena. Ez zen justua izango. Bi lehen sari eman ziren eta bigarren saririk ez zen banatu. Esloveniarra eta ni oso desberdinak gara jotzen. Estilo oso desberdinak ditugu eta estetika oso bestelako piezak jotzen ditugu. Biok partekatzen dugun zerbait agertokian dugun pertsonalitatea edo dugun segurtasuna da. Hori uste dut izan zela epaimahaiari gustatu zitzaiona.

Entzun al zenuen Torkarren lana?

Lehen fasean ez nuen entzun, jotzen azkena nintzelako. Bigarren fasekoa entzun nuen, baina agertokiaren atzetik. Segituan konturatu nintzen oso ona zela.

Ba al zenuen lehiaketa irabazteko esperantzarik?

Esperantza, ez. Oso zaila da. Beti esan izan dut izarrek lerrokatu behar dutela lehiaketa irabazteko. Lehiaketa batean, puntu bat arte zure esku dago, eta beste dena epaimahaiaren esku dago. Zu gustuko bazaituzte, posibilitateak badaude sari bat irabazteko. Badakizu, gutxi gorabehera, maila berean egongo zarela, bestela ez zinateke aurkeztuko. Hala ere, nik programa nahiko zaila neraman eta elkarren artean nahiko desberdinak ziren obrak eraman nituen. Irailetik lehiaketan oso zentratuta egon naiz, hori egia da, nire meta nagusia izan da. Baina, beste proiektu batzuk ere izan ditut, eta burua ezin nuen guztiz horretara bideratu. 

Zu pixka bat ezagututa, badakigu musika esperimentalaren oso zalea zarela. Zer nolako programa aurkeztu duzu lehiaketan?

Diozun bezala, alde esperimental hori jorratzen dut gehienbat. Oso garrantzitsua iruditzen zait, gainera, instrumentuaren garapenerako. Lehiaketetara joaten naizenean ere arriskatu egiten dut; niri gustatzen zaizkidan obrak eramaten ditut, eta, baita, oso zailak direnak, interprete bezala exigentzia bat eskatzen dutenak. Ez da bakarrik lehiaketa batera joatea sari bat irabazteko; garapen pertsonalerako edo musikari bezala garatzeko balio behar du. Beste lehiaketa batzuk askoz kontserbadoreagoak dira. Baina, lehiaketa honetara bai etortzen dela epaimahai bat oso jantzia dena. Akordeoi munduan interprete garrantzitsuak direnak etortzen dira. Zuk musika ona jotzen baduzu, beraiek hori baloratu egiten dute. Berdin dio zer errepertorio den.

Hitz egin al zenuen epaimahaikideekin?

Bai, lehiaketaren ondoren aukera izan genuen pixka bat hitz egiteko. Baina, hala ere, denok ezagutzen gara. Ez dira urtero beraiek etortzen, baina X urtean behin bai. Ni sarritan joan naiz Arrasatera eta pixka bat kontrolatuta nago. Guretzat beraiekin hitz egitea ere ondo dago. Azken finean lehiaketara aurkezten garen guztiok fase berean gaude: ikasketak bukatzen eta alde profesionala lantzen; trantsizio antzerako batean gaude. Guretzat ere oso interesgarria da jende honen iritzia jakitea.

Zer suposatzen du sari honek zure etorkizunerako?

Ikasten zaudenean lehiaketak oso garrantzitsuak dira alde pedagogiko batetik begiratuta. Norbait izango duzu zure lana epaitzen eta lehiakide batzuk ere izango dituzu. Hori guztia ahaztu egin behar duzu jotzerako orduan. Profesional mundura sartzerako garaian, lehiaketak gehigarriak bihurtzen dira. Zure proiektuak dituzu, zure ideiak, badakizu musikari bezala zer nahi duzun egin, zure bidea bilatzen ari zara, eta lehiaketak gehigarriak dira, bai formakuntzarako, baina, baita, prestigio antzerako bat lortzeko. Nire bizitza ez da aldatuko, baina nonbaiten jo nahi baduzu, sari honek sinesgarritasuna emango dit eta ate batzuk ere, agian, zabalduko dizkit. Sari ekonomikoaz gain, kontzertu bira bat egitea ere eskaintzen du lehiaketa irabazteak. 

Etxean nola hartu dute sari hau?

Ahizpa Bartzelonan dago arkitektura ikasten eta etorri nahi zuen, baina, azterketak direla medio, ezin izan du. Telefonoz jarraitu du. Gurasoak, bada, txoratzen. Azkenean etxekoek badakite zer esfortzu suposatu duen honetarako prestatzeak. Gauza asko alde batera uzten dituzu eta lehiaketa baino aste batzuk lehenago badirudi denbora geratu egiten dela. Ahal duzun hobekien egin nahi duzu lana eta dedikazio oso handia da. Ez baduzu saria lortzen, egindako esfortzuarekin geratzen zara. Irabazten baduzu, barruko lasaitasuna oraindik eta handiagoa da. Sariaren berri eman zutenean, ama etorri zen eta esan zidan gauza bakarra izan zen: “Merezi duzu”.

Atsedenerako denbora askorik ez duzu izango. Abenduaren 30ean ikuskizun berria aurkezten duzue San Telmo Museoan.

Zukan hirukotetik diziplinartekoa izango den proiektu bat egin nahian gabiltza. Irudiak, dantzak eta musikak uztartuko zituena. Hasiera batean proiektu handi bat genuen buruan, baina hori datorren urtera atzeratu dugu. Oraingo honetarako proiektu bat diseinatu dugu jatorri desberdineko obrekin. Oso obra irekiak dira. Obra batzuei dantzak gehitu dizkiegu, beste batean multimedia ere izango da, hirugarren batean poesiak errezitatuko dira hiru hizkuntzatan, eta azkenekoan zaldien masailezurrak erabiliko ditugu perkusioko instrumentu bezala. Ikuskizun oso plastikoa izango da eta, interprete bezala, inoiz jo ez ditugun gauzak joko ditugu. Dantzak Kukai taldean aritzen diren bi lagun izango dira. Emanaldia San Telmo Museoko elizan izango da. Elizako espazioak izugarrizko aukerak ematen ditu. Espazio asko erabiliko dugu, elizako leku desberdinetan ibiliko gara, eta jendea erdian egongo da. Kontzertu sentsoriala izango da, zentzu guztia landuko dituenak eta arte desberdinak konbinatuko dituena. Lehen aldia da Zukan hirukotea halako zerbait egitera animatu dena.