“Hondakinak sailkatzeko sistema hau alternatiba bat da, eta jarraipena izango du”

baleike 2017ko abe. 12a, 19:46

Hondakinak biltzeko sistema berriaren inguruko lehen informazio saioak egin dira gaur arratsaldean Oxforden. Zenbait herritarrek birziklatzearen aurrean duten kontzientziazio edo sentsibilizazio eza salatu dute bertaratu direnek.

Otsailaren 1etik aurrera hondakinak sailkatuta biltzeko indarrean jarriko den sistema berriaren inguruko lehen informazio saioak egin ditu Urola Kostako Udal Elkarteak herritarrekin gaur arratsaldean. Amaia kale hezitzailearen arabera, sistema berriaren helburua argia da: “%40ko sailkatze tasatik, 2020an %75era iristea”.

Hondakinak biltzeko sistema berria Urola Kostako bost herritan jarriko da: Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian. Bost udalerritan sistema bateratua ezarriko da; baliabideak optimizatuz, eraginkortasuna areagotzeko.

Sistema berriak hiru bilketa zerbitzu izango ditu. Alde batetik industriagunetako bilketa egingo da. “Bisitak egin ditugu, eta beraien baldintzetara egokitzen den sistema antolatzen saiatu gara. Zazpi hondakin bereiziko dituzte: organikoa, errefusa, ontzi arinak, egurra, kartoia, plastiko filma eta poliespana. Astean behin egingo zaie bilketa”, aipatu du.

Bigarren multzoa komertzioak eta ostalaritzak osatzen dute. Kasu honetan, bi azpitaldetan banatuko dira: sortzaile txikietan eta sortzaile handietan. “Lehenengo kasukoek txartel bidez funtzionatuko dute eta kaleko edukiontziak erabiliko dituzte. Bigarrengoek aldiz, puntuz puntuko bilketa izango dute. Sistemaren erronkarik nagusiena multzo honetan izango da, ez baita hondakina berdin sortuko neguan eta udaran”, azpimarratu du.

Hirugarren bilketa zerbitzua herritarrena izango da. Kasu honetan etxebizitza bakoitzak txartel bat izango du organikoa eta errefusa biltzeko edukiontziak irekitzeko. Beste hiruak zabalik izango dira. “Txartelak norberari dagokion edukiontziak irekiko ditu bakarrik, eta egunero, 24 orduz, erabili ahal izango da”.

Ba al dago birziklatzeko kontzientziazioa?

Sistema berriaren inguruko azalpenak eman ondoren, galderen tartea izan da informazio saioetan. Bertaratu diren askoek zenbait herritarren kontzientziazio falta azpimarratu dute. “Urteak daramatzagu birziklatzen, eta oraindik askoek ez dute egiten. Horiek nola sentsibilizatuko dituzue?”, galdetu du batek. “Borondate kontua den sistema bat da hau, eta borondaterik ez duenak ez du ongi egingo”, nabarmendu du beste batek. “Nola kontrolatuko dituzue gaizki egiten dutenak? Isunik egongo al da?”, gaineratu du beste batek.

Kale hezitzaileak azterketak eta inspekzioak egingo direla nabarmendu du. “Ez dugu polizia lanik egin nahi. Hondakinak sailkatzeko sistema hau alternatiba bat da, eta jarraipena izango du, noski. Erabilera datuak jasoko ditugu, eta horiek etorkizunean zer egin eta non sakondu behar dugun azalduko dute. Gure asmoa herritarrei etengabe esplikatzen jarraitzea da, eta beharrezkoak diren saio informatiboak ematea. Ez gara isunetan pentsatzen ari, ez da gure lehenengo nahia”, adierazi du.

Hurrengo informazio saioa abenduaren 28an izango da, eta gaur bezala, hiru bilera egingo dira: 9:30ean (euskaraz), 11:00etan (gaztelaniaz) eta 12:30ean (euskaraz). Norbaitek edozein zalantza izanez gero, urtarrilaren erdialdetik aurrera arreta zerbitzua izango da udaletxe bakoitzean. Horretaz gain, kale hezitzaileekin kontaktuan jartzeko hiru aukera egongo dira: 943 89 08 08 telefonoa, hondakinak@urolakosta.eus posta elektronikoa edo www.urolakosta.eus web orrialdea.