Kaleko argi apaingarrien piztuerarekin hasiko dira Gabonak Zumaian

baleike 2017ko abe. 12a, 10:32

Eguberrien atarian, gaur arratsaldean piztuko dira kaleko argi apaingarriak. Horretaz gain, festa hauetan hainbat ekimen izango dira, besteak beste: Musika Bandaren kontzertua, Gabon abestien lehiaketa eta umeen Gabonetako parkea. 

Gabonetako apaingarrien piztueraz gain, Santomas egunarekin hasiko da Eguberri giroa herrian abenduaren 21ean. Hurrengo egunean, berriz, Musika Bandaren Gabonetako kontzertua izango da, eta 23an, haurrei zuzendutako Go!azen antzerki emanaldiaren saio bikoitza. Bestalde, urtero moduan, aretoko futbol txapelketa azkarra ere izango da.

Gabon bezperan, hilaren 24an, 12:30ean, Olentzero etorriko da Zumaiara eta Institutu parean hasita, kantuan ibiliko da haurrekin herriko kaleetan zehar. Arratsaldean aldiz, Gabon abestien lehiaketa egingo da Eusebio Gurrutxaga plazan, baita jaiotza ikuskizuna ere eta eguna amaitzeko, Olentzero eta Gomezagoren bisitaz gozatu ahal izango da herriko kaleetan zehar, 18:00etatik aurrera. Gainera, Gabon Korua ere herriko kaleak alaitzen izango da 15:30ean hasita.

Hilaren 29an, 17:30etatik 20:30etara, Oxforden xake txapelketa izango da. Bestalde, Astindu eta Korrontzi taldearen eskutik emanaldi benefikoa egingo da, Korrontzi Benefic deiturikoa, Maria eta Josen, 20:00etan hasita.

Abenduaren 30ean, Iñaki Espila gogoan eskubaloi jaialdia egongo da egun osoz Lubaki Kiroldegian, eta gauean, 22:00etan, bertsolari gazteen saioa izango da Oxford aretoan. Urteko azken egunean, San Silbestre egunean, VII. Biko lasterketa mistoa egingo da herriko gazte zein helduentzat 12:00etatik aurrera.

Haurrentzako ekintzak

Gabonak, batez ere, haurrentzako gozagarri dira, eta beraz, hauentzat zuzenduriko egitarau berezia izango da. Hala, abenduaren 26an eta 27an Gabonetako haur parkea jarriko du Udalak Lubaki Kiroldegian. Sarrera  hiru eurokoa izango da eta ordutegia aldiz, 11:30-13:30 eta 16:30-19:30. Emergentziazko bi irteera berri egiten ari dira momentu honetan, beraz, horri esker, 244 lagun sartu ordez 604entzat egongo da lekua.

Bestalde, urte berriarekin batera, urtarrilaren 4an, haurrek Erregeei idatzitako eskutitzak jasoko dira Eusebio Gurrutxagan, 18:00etan, eta hilaren 5ean, dromedarioz lagunduta, karroza banatan iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeak Zumaiara, arratsaldeko 18:30ean.

Tokiko merkataritza indartuz

Tokiko merkataritzari bultzada emateko, erakusleiho lehiaketa antolatu du aurten ere Udalak Zumaiako Merkatari Elkartearekin batera. Lehiaketaren helburua da saltokiek Eguberrietan erakusleihoak apaintzeko egiten duten lana eta esfortzua eskertu eta balioan jartzea. 

Horretarako bi sari banatuko dira: epaimahaiaren saria, eta herritarren saria. Epaimahaiaren saria banatzeko orduan, merkatariek urtean egin eta bidalitako erakusleiho aldaketa guztien argazkiak hartuko dira kontutan, Eguberrietakoa barne. Puntuazio altuena lortzen duen saltokia izango da irabazlea eta 200€ko txekea jasoko du. Sari banaketa abenduaren 29an egingo da Merkatari Elkartearen topaketaren barruan.

Herritarren sariari dagokionean, herriko denda eta saltoki guztiek parte hartu ahal izango dute (elkartekideak izan edo ez) eta irabazlea aukeratzeko ezinbestekoa izango da herritarren inplikazioa eta partaidetza, haien botoen arabera erabakiko baita saltoki sariduna. Horretarako turismo bulegoan bozkatu beharko dute zumaiarrek gustukoen duten erakusleihoa eta pertsona bakoitzak gehienez bi boto eman ahal izango ditu. Modu honetara, boto gehien jasotzen dituen dendak 200€ko oparia jasoko du.

Era berean, botoa ematen duten zumaiarren artean beste 200€-ko sari bat ere zozkatuko da. Sari banaketa abenduaren 31n egingo da, Biko lasterketakoekin batera.

Zozketak aste honetan

Ostirala bitartean, egunero, Merkataritza elkarteko taberna zein jatetxeetan zozketa bat egingo da. Sarien artean Champagne G.H. MUMM, Campillo ardo beltza edo Marqués de Riscal ardo zuri botila zozketatuko dira. Gabonetako erosketa bonoei dagokionean, jada guztiak agortu direla jakinarazi du Merkatarien elkarteak, eta ildo horretan, eskerrak ematen dizkie zumaiarrei.