Haizeak ez du kalte handirik eragin Zumaian

Baleike 2017ko abe. 11a, 10:59

Bart gaueko haize bortitzak ez du kalte larririk sortu herrian. Batez ere, zuhaitzak, farolak eta etxeetako adreiluak erori dira. Euskalmeten arabera, datozen orduetan aterruneak izango dira, baina arratsaldean euritara joko du berriro.

Oraindik ere abisu horian aurkitzen garen arren, bart gaueko haizeak ez du aparteko kalterik eragin Zumaian. Udaltzainen arabera, "kalte txikiak izan dira, ezer larririk ez”.

Eguzkia ateratzearekin batera, lehenengo kalteak ikusi ahal izan dira. Batez ere, zuhaitz eta farola apurtuak, eta adreiluen erorketak egon dira. Adibiderik esanguratsuena Estazioko kalean gertatu da. Bertan, zuhaitz bat erditik apurtu da, eta aldameneko farolaren argiteria guztia erori egin da. Udaltzainek kontatu dutenez, 06:30ak aldera joan dira eta ingurua jasota eta txukunduta aurkitu dute.