ZUbi ekimenak bi antzezlan lagunduko ditu laugarren edizioan

Baleike 2017ko abe. 9a, 15:20
Durangoko Azokan egin dute aurtengo ZUbi ekimenaren aurkezpena.

Euskarazko antzezlan berriak sortzen laguntzea da ZUbi ekimenaren xede nagusia. Laugarren ediziorako deialdira hamasei proiektu aurkeztu dira, eta gaur Durangoko Azokan jakinarazi dituzte aukeratutako bien izenak: Benetan Be antzerki taldearen Inondik Inora eta Rubik konpainiaren Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak. Zumaiako Aita Mari Antzokia da laguntzen duen eragileetako bat.

Euskal antzerki sorkuntza profesionalaren egoerari buruzko kezkak, usteak eta iritziak elkar trukatzeko hasi ziren biltzen duela urte batzuk antzerkigintzaren inguruan dabiltzan zenbait eragile. Kezka hartatik sortu zen ZUbi ekimena, bakoitza bere arlotik lagunduta, euskal sortzaile berriei bultzada emateko helburuarekin. Zumaiako Aita Mari Antzokiaz gain, ondorengo erakundeek osatzen dute ZUbi: Durangoko San Agustin Kulturgunea, Kultur Leioa, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoa, Zornotza Aretoa, Elorrioko Arriola Antzokia, Artedrama eta aurtengo honetan sartu berri diren Kulturaz Azpeitiako Kultur Koperatiba eta Hendaiako Mendi Zolan Kulturgunea.

Guztien ordezkari, Zumaiako Aita Mari Antzokiko Miriam Romatetek, Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibako Aitor Bengoetxeak eta Durangoko San Agustin Kulturguneko Arantza Arrazolak eman dute laugarren edizioan lagunduko dituzten antzezlanen izenen berri. Aurreko hiru aldietan lan bana babestu dute, baina oraingoan bi aukeratu dituzte, aurkeztutako lanen maila bikainagatik. Urriaren 21etik azaroaren 30era egon zen zabalik antzezlanak aurkezteko epea, eta hamasei izan ziren jasotako proposamenak, inoiz baino gehiago.

"Gure filosofiarekin bat datozelako, proiektu osoak direlako, duten egingarritasunagatik eta bereziki  interesgarri bezain erakargarri iruditu zaizkigulako, Benetan Be antzerki taldearen Inondik Inora eta Rubik konpainiaren Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak antzezlanak aukeratu ditugu", jakinarazi dute gaur Durangon.

Hautatutako bi lanek aholkularitza artistikoa eta administratiboa jasoko dute, produkziorako diru ekarpena ere bai, eta eragileen artean dauden areto bakoitzerako emanaldi banaren kontratazioa.

ZUbi ekimeneko elkarlanari esker, 2013an, Dxusturi Teatroaren Konpota antzezlana atera zen aurrera; 2015ean Lauka Teatroaren Amodioaren Ziega, eta 2017an, oraindik oholtzaz oholtza dabilen Beheko Larraineren Atte Hil Aurretik antzezlana.