Kalea Guztiona Da kolektiboak agerraldia egin du Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Baleike 2017ko abe. 7a, 18:21

Gipuzkoako Batzar Nagusietaraino iritsi da Zumaian kartel, pankarta, hormairudi eta abarren inguruan dagoen eztabaida. Kalea Guztiona Da kolektiboak izan zuen agerraldia egiteko aukera azaroaren 29an, Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Batzordean. Azalpenak eman ondoren, alderdien galderak eta iritziak jaso zituzten. Adierazpen askatasunaren mugen inguruko eztabaida aberasgarria osatu zuten denen artean. Hona ekarri ditugun hiru bideoetan daukazue saioak eman zuena.

Orohar, eta ñabardurak ñabardura, arazoari irtenbidea emateko udal ordezkariak eta gizarte eragileak mahai baten bueltan eseritzeko premia adierazi zuten alderdi guztiek, ordenantza berria guztien artean adosteko. EHBildu, Podemos, PSE eta PP argi eta garbi mintzatu ziren adostearen alde. EAJ kritikoago agertu zen kolektiboarekin, zalantzan jarri zituen hainbat jarrera eta erabaki, eta ordenantza berria lantzeko bileretan parte hartzeko gomendioa egin zien.

Alderdietako ordezkarien artean, Zumaiako alkate ohi Iñaki Agirrezabalaga zen EHBilduko ordezkaria. Agirrezabalagak kritikatu zuen arazoa ez zegoen lekuan sortu duela arazoa Udal Gobernuak.

PSEko ordezkaria berriz, Zumaiako zinegotzi Arritxu Marañon zen, hain justu. Marañonek defenditu zuen Udalbatzak zilegitasun osoa duela erabakiak hartzeko eta espazio publikoaren erabilera arautu egin behar dela derrigor; baina kartel, pankarta edo muralen edukiaren berri aldez aurretik jakinarazi beharrarekin ez zegoela ados adierazi zuen, eta Udalean ere halaxe adierazi zuela bere garaian. Kolektiboko kideei gonbitea luzatu zien berekin harremanetan jarri eta gaia lantzeko.

Bideo hauetan dauzkazue alderdien iritziak eta galderak, eta kolektiboko kide Axier Lopezek eta Inazio Letamendik emandako erantzunak.