Jon Maia: “Jaikialdiaren txapelketa izan da niretzat”

baleike 2017ko abe. 6a, 11:21
Argazkilaria: Gari Garaialde/XDZ

Larunbatean Iruñean izan zen azken final aurrekoan erabaki zen datorren hilaren 17an BECen jokatuko den finaleko zazpi bertsolariak zeintzuk izango diren (zortzigarrena Amets Arzallus egungo txapelduna da). Kontxako sailkapen estropadan bezala, Bertsolari Txapelketa Nagusian ere, zortzigarren postua izaten da inork bete nahi ez duena, eta oraingoan, Jon Maiari otu zaio. Horren pena duela aitortu digu bertsolari zumaiarrak.

Irribarretsu baina era berean triste hartu zigun telefonoa Jon Maiak astelehen eguerdian. Txapelketaren une gazi-gozoak dira. Poza sailkatuentzat, tristura pausu batera gelditu direnentzat. “Ez nintzen Iruñeko saioan egon. Tentsio handia izango zen, eta gainera, ez nuen egon nahi nire lagunen txarra desiratzen”, aitortu du. Saio hartan erabakitzen zen 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian zein zazpi bertsolarik lagunduko zioten Amets Arzallusi BEC erraldoiko oholtzan. “Kontzientziatuta nengoen saio horretan lau pertsona ni gainditzeko aukerarekin zeudela, eta oso posible zela lautik batek asmatzea. Esperantza nuen finalean sartzeko, baina kontziente nintzen zaila zela”.

Zortzigarren postuan geratzeak uzten duen zapore txarra sentitzen ari da orain Maia. “Nire muturraren aurrean itxi zait atea, azkenean, zorte kontua ere bada, izan ere, puntu gutxiko aldea dago azken sailkatuaren (Unai Agirre) eta nire artean. Zazpi puntugatik, urte bukaera zoragarri bat bizi edo ikusle izatearen arteko diferentzia da”, kontatu du.

Hala ere, pozik egoteko arrazoiak ere baditu. “Ikusi dut berriz ere gora irisi naizela, azken momentu arte onenekin lehiatu naizela, eta nire lekura itzuli naizela. Azken Txapelketa Nagusia erorketaren txapelketa izan zen bezala, hau jaikialdiaren txapelketa izan da niretzat, eta egia esan, hori askoz hobeto bisualizatzen da zortzigarren lekuan, hamabosgarren eginda baino. Denborarekin apreziatuko dut postu hori, eta jendeak ere aipatu dit aurretik baino indartsuago aterako naizela txapelketa honetatik”,  nabarmendu du.

Ibilbidearekin gustura

Txapelketa honetan parte hartu ahal izateko, Gipuzkoako Txapelketan hasierako kanporaketetatik ekin behar izan zion Jon Maiak duela bi urte. Guztira, bederatzi kanporaketa pasa ditu honaino iristeko. “Oso bide luzea izan da, errekuperazio bide bat. Nire misioa finalera iristea zen, eta horretan zentratu ditut nire energiak eta lan ordu pilo bat. Beraz, emaitzarekin ez nago pozik, baina bai egindako bidearekin. Ez dut lortu finalera iristea, baina lortzea bezala izan da berriz ere goiko taldera iristea. Azkenean ez dut nire helburua lortu, hori da nire pena”.

Hala eta guztiz ere, kanporaketetan zehar txapelketarekin disfrutatzea lortu du. Lehen saioa, final laurdena, Tolosan izan zuen eta agian urduritasunak ez zion askorik lagundu. “Gipuzkoako txapelketan ere gertatu zitzaidan hori, batez ere lehenengo saiotan. Urduri jartzen naiz, errespontsabilitate handia sentitzen dut, eta blokeatu egiten naiz. Baina pixkanaka hori gainditzen joan naiz, eta alde horretatik pozik nago”.

Final erdietako lehen saioan, Durangon, hasi zen benetan gozatzen. Zoritxarrez baina, hara zihoala, istripua izan zuen kotxearekin, eta horrek ukituta utzi zion. Hala ere, han osatu zuen bakarkakoarekin oso pozik gelditu zen. Hurrengo final erdia Amurrion jokatu zuen. “Han bai sentitu nuela berriz ere ni nintzela. Finalera sartzeko moduko saio bat egin nuen. Ordura arteko baino puntuazio hobeagoa eman zidaten, nahiz eta nik gehixeago espero nuen agian. Baina beno, behintzat nire esku zegoena egin nuen, eta oso pozik gelditu nintzen. Nik uste dut betiko Jon Maia antzeman zuela publikoak, eta jakin gabe aurrera egingo nuen edo ez, behintzat maila altu horretan bukatu nuen txapelketa”.

Goranzko joera izan du Maiak kanporaketaz kanporaketa, eta hain zuzen, txapelketa hasi aurretik zituen asmoak bete du. “Nire hasierako helburuak ziren nire irudi on bat ematea eta bertso on batzuk uztea. Pentsatzen dut lortu dudala”.

Nobedade gutxiko finala

Finaletik kanpo geratu zela jakin bezain pronto, Unai Agirreri deitu zion Jon Maiak larunbatean. Aspaldiko laguna du Agirre, umetatik berekin dabilen bertso-laguna, eta pertsonalki zoriondu nahi zion. “Saioa bukatu eta berehala deitu nion, baina ez genuen lortu hitz egitea. Azkenean igandean lortu nuen, eta benetan pozten nintzela esan nion. Euskal Herriko finala merezi duen bertsolari bat da”.

Hasierako pronostikoek final ezberdin bat ikusiko ote genuen aurreikusten zuten, baina azkenean, nobedade gutxikoa izango da. “Faktore asko daude finalerako bidean. Horietako bat lehia da. Bertsolari batzuei luze egiten zaie txapelketa, eta esperientziak ere laguntzen du. Beraz, zaila izaten da nobedadeak egotea final batean, oso tantaka gertatzen da. Hurrengo ordezkoa ni naiz, eta pentsa! Ez naiz gaur jaiotakoa”.

Adinari dagokionez, aspaldiko final zaharrena izango da, eta Maiaren iritziz, hasieran pentsatu zitekeena baino irekiagoa. “Hasieran Maialen eta Ametsen izenak bakarrik entzuten ziren, baina uste dut orain beste izen batzuk ere entzuten direla. Nabarmendu dira batzuk bide honetan eta hori polita da. Beste bizitasun eta interes bat emango dio finalari”.

Abenduaren 17an BECen izango da, zerbait pasaz gero, lehen ordezkoa baita. Hala eta guztiz ere, hara joateko asmoa zuen. Inbidia pasako duela aitortu du, baina oholtzan dauden bertsolariei eman behar zaien bultzada eta hauspoa ematen izango da. Momentuz ez du erabaki hurrengo txapelketetan parte hartuko duen edo ez. “Ez dut uste momentua denik ezer ere erabakitzeko. Denbora pasatzen utziko dut. Egia da ez dela erreza nire adinean motibazioa bilatzen jarraitzea, eta konturatu naiz ez dudala txapelketa behar kantatzen jarraitzeko. Baina beno, jende gutxik dauka beharra. Kontua da gustatu egiten zaigula, eta beraz, ikusiko dugu...”.