Mari, mito baten historia

Baleike 2017ko abe. 5a, 17:07

Bere heriotzaren 150. urteurrena bete zen iaz. Horren harira, Mari izeneko liburua idatzi dute Xabier Alberdi eta Jabier Carballok. Atzo goizean Donostiako Untzi Museoan egin zen aurkezpenean, egileekin batera, lan hau argitaratzen lagundu duten Zumaiako eta Donostiako Udaleko kultura zinegotziak izan ziren: Jon Iraola eta Miren Azkarate. Zumaian, abenduaren 19an egingo dute liburuaren aurkezpena.

“Jose Maria Zubia, ‘Mari’, nire umetako Donostiako paisaian beti ezagutu dudan pertsona bat izan da. Alderdi Eder, Urgull eta kaia nire eguneroko paisaia ziren, eta Mariren estatua beti egon zen presente. Aitortu behar dut hala ere, sorpresa izan dela jakitea zumaiarra zela”, aipatu zuen Azkaratek.

Mari, 1809an Zumaian jaio zen itsas-gizon trebea izan zen. Bederatzi urterekin hasi zen arrantzan aitaren ontzian, eta 1830ean, Amerikarekin merkataritzan zebiltzan merkataritza-ontzietan hasi zen. Garai hartan, arriskuan zeudenak salbatzeko bere bizia arriskatzeko prest azaltzen zen.

Lehenengo salbamendua 1861eko uztailaren 13an egin zuen Urgulleko haitzetan. “Bederatzi gizonekin joan zen, bera patroi eta arrantzale batzuk salbatzea lortu zuten. Harrezkeroztik, heroi baten moduan hasi ziren tratatzen Donostian. Baina bere kasua bitxia da. Izan ere, propio joaten zen arriskuan zeudenak salbatzera”, azpimarratu zuen Carballok.

Salbamenduan heriotza

Iaz bete ziren 150 urte hil zenetik, eta Zumaia zein Donostiako Udalek ekintza eta ekitaldi bereziak egin zituzten. Zumaian esaterako, bere irudia zaharberritu eta omenaldia egin zioten iazko uztailean. “Bere epopeia 1866ko urtarrilaren 9an gertatu zen, itsas-gizon batzuk salbatzera joan eta bertan hil zenean”, kontatu zuen Alberdik. Egun hartan, ekaitzak harrapatutako bi itsasontzi getariar bazterrera etortzen hasi ziren. Bat Pasaiako portuko sarreran hondoratu zen, eta bestea, hain zuzen, Donostiako badian. Azken honetako arrantzaleak salbatzeko asmoz irten zen Mari bere kideekin, baina lehertutako olatu batek irauli egin zuen bere ontzia. “Donostiara etorri aurretik, Zumaian atoian edo erremolkean jardutea zen bere ofizioa. Garai hartan belaontziak ziren, eta hauek ez zuten motorrik. Beraz, portura sartzeko hauen laguntza behar zuten. Hala, Zumaiako barra arriskutsuan garatu zuen arriskuan zeudenak salbatzeko joera hori”, nabarmendu zuen Alberdik.

Egindako azken salbamenduan aurkitu zuen heriotza Marik, eta horrek bere inguruan hainbat mito sortu izan ditu. Egileen helburua izan da Mariri buruz idatzita dagoen guztia bildu eta aztertzea. “Zer izan daitekeen benetakoa eta zer mitoa bereizten saiatu gara. Horretarako jatorrizko dokumentazioarekin konparatu dugu”, aipatu zuten.

Transmisioa

“1866 urtarrilaren 9an egindako ekintza heroikotik aparte, Mariren figurak zenbait balore transmititu ditu. Adibidez, horren ondoren, itsas salbamenduetarako batzordea eratu zen Donostian, eta orain, Maroko eta Espainia bereizten dituen itsasartean laguntzen ari diren Donostiako eta Sevillako bi elkartek, Aita Mari Itsas Salbamendua elkartea sortu dute”, adierazi zuen Carballok.

Azkarateren iritziz, Marik erakutsi zuen eskuzabaltasuna eta besteei laguntzeko grin hori egungo gizarteak behar duen ezinbesteko balorea da. “Kultura arloan gauza berriak sortzeko eta zabaltzeko eginkizuna daukagu. Baina, horien artean badugu, gure herrian izan diren pertsonen testigantza belaunaldi berriei pasatzeko ardura ere. Horrelako ekintza handiak eta gogoangarriak egin dituzten pertsona horiek kontuan eduki behar ditugu, eta ondorengo belaunaldiei beraien lana, testigantza eta balioak transmititu”.