280.000 euro bideratuko ditu Jaurlaritzak Geoparkearen ingurumen alderdiak sustatzeko

Baleike 2017ko abe. 5a, 15:27

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Geogarapenekin (Euskal Kostaldeko Geoparkea Kudeatzeko Elkartea) hitzarmena sinatzeari, eremu horretan legegintzaldian zehar ingurumen-arloko jarduketak egiteko.  

Sailak, guztira, 280.000 euro bideratuko ditu, 2020 arte, urtean 70.000 euro, Zumaia, Deba eta Mutriku udalerriek partekatzen duten kostaldeko espazio horren kontserbazio- eta sustapen-jarduerak bultzatzeko eta garatzeko, kontuan hartuta kostaldeko flyscha dutela erakargarritasun nagusi. 

Hitzarmenean aurreikusten diren jarduketak 2020 Geodibertsitatearen Estrategiaren barruan eta 2030 Euskadiko Biodibertsitatearen Estrategiaren barruan kokatzen dira, eta, besteak beste, geodibertsitatea kontserbatzea eta ondare geologikoaren erabilera jasangarria sustatzea dituzte helburu, bai eta ekosistema integratuak zaharberritzea eta horien balioa nabarmentzea ere, Euskal Kostaldeko Geoparkean.