Imanol Manterola: "Argazkiak istorio bat kontatu behar du"

Baleike 2017ko abe. 5a, 12:09
Imanol Manterolaren autoerretratua

Duela hamar bat urte musika tresnak utzi eta argazki kamerari heldu zion Imanol Manterolak. Urte hauetan 80 bat sari irabazi ditu argazki rally eta lehiaketetan, baina bide hori agortutzat eman du, aldatzeko premia sentitzen duelako.

(Elkarrizketa hau azaroko Baleike aldizkarian argitaratu genuen. Bertan, Imanol berak ateratako argazkien hautaketa bat dator, egilearen azalpenekin).

Artean Olarro Eguneko argazki rallyko lehen saria eskuetan zuela proposatu nion elkarrizketa. "Nik ez zeukaat gauza askorik esateko", erantzun zidan; "heuk atera beharko dizkidak erantzunak". Ez dit lan handirik eman; bere argazkiek bezain garbi hitz egiten du Imanol Manterolak (Zumaia, 1972).

Noiz eta nola hasi zinen argazkigintzan?

Hasi nintzen musika laga nuenean. Nire proiektua [Moem] atera nuenean asetuta gelditu nintzen, eta bukatutzat eman musikaren garaia. Ez dakit nola izan zen zehazki, baina bat utzi eta bestearekin hasi, hala izan zen.

Baina zergatik argazkigintza eta ez beste diziplina bat?

Beti eduki izan dut argazkilari begia; kamerarik ez neukanean begiekin egiten nituen argazkiak. Egoera edo txoko bereziren baten aurrean, beti ikusten nituen argazkiak. Baneukan konpaktu txiki bat, eta hura izorratu zitzaidanean zuzenean kamera on bat erosita hasi nintzen serio. Garbi nuen argazki arruntak baino zerbait gehiago nahi nuela, eta horretarako ekipo ona behar da. Ikusten nituen Peio Romateten argazkiak eta Luis Llavorirenak eta horrek piztu zidan gogoa. Nire erreferenteak hemengo argazkilariak dira, ez dut interes berezirik izan historiako argazkilari handiak aztertzeko. 

Kamera ona erostea ez da nahikoa argazki onak ateratzeko...

Ez da nahikoa, ez... Hasieran gaizki, oso gaizki... Konpaktuarekin argazki txukunak ateratzen dizkizu, gauza handirik jakin gabe. Kamerak berak konpentsatzen dizkizu argia eta beste parametro asko, eta zuk enkoadratu besterik ez duzu egin behar. Reflex bat lehen aldiz hartzen duzunean, sekulako desengainua hartzen duzu. Eta konturatzen zara teknika ikasi behar dela argazkigintzan zerbait egin nahi baduzu.

Eta zuk nola ikasi zenuen?

Ikastaro bat edo beste egin nuen, baina neure kasa ikasi dut gehiena. Zorionez, gaur egun Internet daukagu eta hor dena dago. Ordu asko pasa ditut tutorialak ikusten; ez hainbeste argazkiak ikusten. Hasieran bai, ikusten nituen argazkiak, baina segituan konturatu nintzen horrela beste egileen argazkiak errepikatzen dituzula. Musikatik nator, eta berdin gertatzen da. Musika asko entzuten baduzu, zaila da zure estilo pertsonala garatzea. Argazkiekin berdina gertatzen da.

Atzera begiratu eta lehen argazki haiek ikustean, zer pentsatzen duzu?

Argazkiak egiten hasi nintzen Zumaian denok egiten dugun bezala: Itzurunera joan eta betiko argazki horiek ateratzen. Baina horrek bide oso motza dauka. Gero hasi nintzen esperimentatzen eta gauza berriak ikasten. Hamar bat urte daramatzat argazkiak egiten eta oraindik izugarri gelditzen zait ikasteko. Oraindik ez naiz inora iritsi, oraindik ez dut nortasun propio hori aurkitu, neure buruarekin borrokan nabil. Estilo propioa, leku propioa, oraindik definitu gabe dauzkat.

Baina izango duzu gai eta argazki motaren bat gustukoago?

Naturako argazkiak dira gehien gustatzen zaizkidanak. Naturan gozatzen dut gehien, han eta hemen ibiltzea, eta horri gehitu diot naturari argazkiak egitea. Gure inguruneak aukera asko ematen ditu, gainera: kosta, itsasoa, basoak, mendiak... Hori da nire terrenoa, baina nire nortasuna ez dut aurkitu; eta baliteke sekula ez aurkitzea, denetarik probatzea gustatzen zait eta. Makro-argazkiak ere gustatzen zaizkit. Baina, pasa dezaket bolada bat landareei ateratzen, gero intsektuei... Orain hegaztiek erakartzen naute. Baina gai batean zentratzea ez da erraza. Hegaztiak, adibidez, gero eta gutxiago daude; tximeletak ere berdin, oso zaila da aurkitzea. Espezie asko galzorian daude eta naturako argazki hauek badute dokumentazio balioa ere. Tximeleta baten argazkia lortzen dudanean pentsatzen dut agian Zumaian beste inork ez duela lortu tximeleta mota horren argazkirik. Argazkiari garrantzia hori ematen saiatzen naiz. Ez soilik ikuspegi estetikoa.

Zer da zuretzat argazki on bat?

Argazki bat ateratzen dudanean beti konposizioari begiratzen diot, horretan oinarritzen naiz. Argazkietan elementuak bere lekuan jarri behar dira, zentzu bat eman behar zaio guztiari, argazkiaren barruan ibilbide moduko bat proposatu behar da. Argazki onenak dira zure arreta bereganatzen dutenak, zure begirada ohi baino denbora gehiago erakartzen dutenak. Argazki horiek informazio asko ematen dute, istorio bat kontatzen dute, eta hori da helburua. Hori da argazki on bat. Esaten didatenean "zer argazki polita", horrek ez nau asetzen.

Argazki rally eta lehiaketetan buru-belarri aritu zara urte hauetan. Zergatik?

Ni oso lehiakorra naiz, baina plaieroetako kopa kenduta, sekula ez nuen ezer irabazi. Argazkigintzan hasi nintzenean, Espainian oso ezaguna den webgune bateko lehiaketa batera aurkeztu nuen argazki bat, ezer lortzeko inolako esperantzarik gabe. Eta sorpresa sekulakoa izan zen, lehen saria irabazi nuen. 2009an izan zen. Urte berean, Berria egunkariak antolatutako udako lehiaketa irabazi nuen. Ikusten duzunean sariak irabazten dituzula, horrek harrapatu egiten zaitu. Gero hasi nintzen rallyetan parte hartzen eta urtero irabazten nituen sariak. 2009tik 80 bat sari irabazi ditut. Eta denoi gustatzen zaigu irabaztea.

Eta horrekin batera, ikasteko modu oso ona da. Sekula aterako ez zenituzkeen argazkiak egitera behartu behar duzu zure burua, eta horrela ikaragarri ikasten da. Entrenamendu bat da, eta akatsak eginez ikasten duzu. Kale egiten duzunean, hurrengo rallyan daukazu zuzentzeko aukera. Dudarik gabe, rallyetan ikasi dut argazkiak egiten. Sormena lantzen duzu eta zeure burua harritzera ere irits zaitezke.

Kameran klik egin aurretik asko pentsatzen duzu zer argazki nahi duzun?

Niri gehien gustatzen zaidana da zerbait deskubritzea. Leku batera joan, ibiltzen hasi, eta erakartzen nauten gauzak topatzea. Argazki kamerarekin ehizatzea. Batzuetan esku hutsik bueltatzen zara, besteetan argazki bat edo birekin... Goizak eta goizak pasa ditzakezu argazki bakar bat egin gabe. Nik normalean hartzen dut kotxea eta norabide zehatzik gabe abiatzen naiz. Mendira joaten naiz, hartzen dut bidezidorren bat eta ea zer gertatzen den. Hemen inguruko txoko guztiak ezagutzen ditut...

Zuk asko lantzen dituzu argazkiak post-produkzioan. Badago eztabaida bat horren inguruan, mugak non ote dauden, Photoshoparekin astakeria handiak egin direlako. Zuk nola ikusten duzu kontu hau? 

Nik argazkiak asko lantzen dut, bai. Bakoitzak bere argazkiekin egin dezake nahi duena. Beste kontu bat da iruzur egitea. Hortik aurrera, bakoitzak egin dezala nahi duena. Nik ez daukat inolako konplexurik moztu behar dena mozteko, kolorea aldatzeko edo objektuak handitzeko horrek argazkia hobetzen badu. Zaindu behar dena da azken emaitza ez desitxuratzea, errealismoa mantentzea. Baina aldaketa horiekin irudiak irabaziko badu, nik egin egingo dut. Zuri-beltza da horren adibide nabarmena. Gaur egungo argazkigintzan funtsezkoa da edizio digitala. Aldizkarietan edo Interneten ez duzu argazki bat bera ere ikusiko postprodukzioan ukituren bat izan ez duenik. Garbizaleek ere beren burua engainatu baino ez dute egiten, kamerak berak egiten dituelako automatikoki lehen eraldaketak. Kamera prozesadore bat da, azken finean.

Eta Internetekin nolako harremana daukazu? Zure argazkiren bat ikusten duzunean espero ez zenuen orri batean...

Oso gaizki daramat kontu hori, baina azkenean ikasi egiten duzu. Badakizu argazkiak facebookera igotzen badituzu mundu guztiaren esku jartzen dituzula. Amorru gehien ematen didana da norbaitek argazkia hartzea, edozein modutara moztea eta argazkia desitxuratzea. Errespetu falta horrek ematen dit min. Bestela, ez dut gehiegi pentsatzen. Argazkiak igotzen ditut jendeak ikusteko eta gero modu batera edo bestera erabiltzen badira, zer egingo diogu. Azken finean, argazki bat baino ez da, eta ni argazkilari bat gehiago naiz.

Kameraz gain, aparatu eta osagarri asko erabiltzen dituen horietakoa al zara?

Bai, gehiegi, egia esan. Damutzen naiz hasieratik material ona erosi ez izanaz. Hala egin izan banu, diru asko aurreratuko nuen. Osagarri asko behar badituzu, hain ona ez zaren seinale. Normalean argazkilari ona gai da kamera eta objektibo batekin argazki onak egiteko. Nik bekatu hori badaukat, baliabide asko nahi izaten ditut eskura. Onartzeko arazorik ez daukat.

Argazkigintzako generoen artean bada bat gaitasun berezia eskatzen duena: erretratua. Saiatu al zara esparru horretan?

Egin izan ditut gauza batzuk, baina zailena da, dudarik gabe. Niri gustatzen zaizkit erretratu naturalak, behartu gabekoak. Estudiokoak, ezkontzetakoak, oso zailak iruditzen zaizkit. Pentsa daitekeena baino gaitasun handiagoa izan behar da erretratu onak egiteko. Pertsonen bitartez askoz gauza gehiago konta daitezke, baina, era berean, zailagoa da. Niri gustatzen zait argazkiak "lapurtzea"; kamerari begira baino, jendea jarrera naturalean harrapatzea.

Mendiko irteera horiek egiten ditudanean, askotan gertatu izan zait bertako baserritarrekin topo egitea. Askotan berriketan hasten gara eta gero gustatzen zait argazkiren bat egitea. Pentsatzen dut paraje eta baserri horietan biziko diren azkenak izan daitezkeela, eta argazki batean jasotzeko premia sentitzen dut. Baina erretratuak ez dira nire eremua. 

Zure estiloaren bila zabiltzala esan duzu. Aurrera begira, zer asmo dauzkazu?

Momentuz, rallyak uztea erabaki dut. Bide hori agortu dudala sentitzen dut eta aldaketa bat behartzeko modua da. Jarrai nezakeen rallyetan sariak irabazten, baina ez dut nahi hortik jarraitu. Urte asko egiten dituzuenean rallyen zirkuituan txinparta galtzen da, lekuak, gaiak eta lehiakideak ere oso ezagun egiten zaizkizu, argazkiak egiteko modu jakin batera eramaten zaitu, rallyen estilora. Muga horiek gainditzeko zerbait ezberdina egin behar da. Gutxienez, atseden hartu behar da. Datorren urterako badaukat buruan proiektu bat, baina oraindik ezin dut ezer aurreratu. Dena den, oraindik gai edo kontzeptu baten bila nabil. Zer egin nahi dudan baino garbiago daukat zer ez dudan nahi. Ez dut ilunabarren argazkirik nahi... Aldatzeko premia daukat baina ez dakit norantz joan. Baina ez pentsa argazkigintzan aukera asko dagoenik zure lana ezagutzera emateko: lehiaketa eta rallyen mundua, edo bestela erakusketen bidea hartzea.