Hondakin bilketa berriarentzat jarraipen neurriak eta beharrezko baliabideak eskatu ditu Urola Kostako EH Bilduk

Baleike 2017ko aza. 30a, 14:22
Argazkia: Amaia Ventas

Datozen urtetik aurrera Urola Kostako eskualdean abian jarriko den hondakin sistema berriaren inguruan agerraldi bateratua egin dute eskualdeko EH Bilduko zinegotziek. Besteen artean, Zumaiako Udalean EH Bilduren bozeramailea den Alex Olidenek hitz egin du.

Hemen irakurri dezakezue agerraldiaren ondoren EH Bilduk plazaratutako komunikatua. 

Otsailetik aurrera Urola Kostako bost herrietan martxan jarriko den bilketa sistema berria dela-eta, hainbat kontu azpimarratu nahi ditugu EH Bilduk. Hasteko, balorean jarri nahi dugu 2012 urtean abian jarritako hondakin mahaien parte hartze prozesuetan herritarrekin elkarlanean egindako lana. Udal Elkartean eman den alderdien arteko akordio hori ez da gauetik goizera iritsi, eskualde guztiko herritarren lan handi baten ondorioz etorri da eta eskerrak eman nahi dizkiegu horretan lanean aritu diren herritar guztiei, beraiek izan baitira bilketa sistema horren oinarriak jarri dituztenak.

Urola Kostako EH Bilduk, bilketa eredu horrek beste eskualde batzuetan ematen ari den emaitzak ikusirik eta gure ekarpenak egin ondoren, sistema hori babestea erabaki genuen. Gure helburua ez baita nola biltzen diren hondakinak, ahalik eta sailkatze eta birtziklatze tasa altuena lortzea baizik. Horregatik, %80ko sailkatze tasa lortu dezakeen edozein sistemak baliagarri izan beharko luke gure eskualdean eta baita Gipuzkoako edozein txokotan ere. Hondakinen sailkatze tasak geroz eta altuagoak dira Gipuzkoan eta hemen emango dugun pausoarekin sailkatze tasa hori igotzen lagunduko dugu. Halako neurri eta erabakiak gure lurralde osora zabaltzea izan beharko luke arduradun guztien helburu. Guztiok %80ko sailkatze tasa lortuz gero, erraustegiaren beharrik ez genuke izango, besteak beste.

Baina gauzak ondo egiteko eta emaitzak ikus daitezen, behar besteko baliabidez hornitu behar da zerbitzua. Bilketa sistemaren jarraipen estua egitea berebizikoa da, gabeziak eta erabilpen okerrak detektatzen diren lekuetan egoera zuzentzeko hartu behar diren neurri zuzentzaileak ezarri ahal izateko.

Horrexegatik, kezkaz irakurri ditugu Igor Iturain, Udal Elkarteko lehendakariaren hitzak, zeinak garrantzia kendu dion bilketa sistemak hasierako ezarpen garai honetan izan behar duen gertuko jarraipenari. Gure ustetan, eskualde osoan zerbitzu honetara lau langile soilik bideratzea ez da nahikoa eta EH Bilduk hamar langile jartzeko eskatuko dio UKUEren zuzendaritzari. Debagoiena eskualdean dagoeneko ari dira sistema honekin lanean eta bertan argi gelditu da emaitzak ikusteko ezarpen fase garaian langile gehiago bideratu behar direla horretara. Zentzu horretan, gure herrietan egun hauetan lantzen ari garen 2018ko aurrekontuetan UKUEra bideratutako partidak behar bezala hornitzeko eskaera egingo dugu EH Bilduk.

Izan ere, hezitzaileen lana oso garrantzitsua izango da, beraiek egongo baitira herritarrekin zuzeneko kontaktuan. Baina argi dago zabor bilketa eraginkor bat izateko, herritarrok hondakinak sailkatzeko dugun betebeharra saihestezina dela. Horregatik eskatzen diogu UKUEko zuzendaritzari beharrezko diren kontrol eta jarraipen neurriak martxan jartzeko.