Kimetz Etxabe: "Europakoan segundo batzuengatik podiumetik kanpo geratu nintzen; Mundialean irabazlea izan naiz"

Baleike 2017ko aza. 27a, 20:54
Kimetz Etxabe (erdian) eta Pedro Etxeberria (eskuinean), Polonian

Pozik egoteko arrazoi asko ditu Kimetz Etxabe zumaiarrak. Asteburu honetan Poloniako Szamotuły-Koźle herrian jokatutako txakurkroseko Munduko txapelketa irabazi du 16 urteko gazteak Pegaso txakurrarekin. Atseden handirik hartzeko aukerarik ez du izango, asteburu honetan Espainiako txapelketan hartuko baitu parte Valladoliden. 

Nahiz eta mundiala irabazi duen, ez du jai egunik izan gaur Kimetzek eta goizean eskolara joan da. Iluntzean, txakurrak gordetzen ari zela, hitz egin dugu berekin.

Lasterketa laburra izanda, 2,8 kilometrokoa, abantaila handirik ezin zela atera esan digu. "Bi egunetan jokatu da txapelketa. Larunbatean euri asko egin zuen eta ibilbidea lokatzez beteta zegoen. Une batean txapelketa geratu egin zuten, euriagatik". Parte-hartzaileak erlojuaren aurka aritu ziren, binaka. "Ni poloniar batekin atera nintzen, baina, erlojuaren aurka izanda, ez nekien zer denbora egiten ari nintzen, ezta zer alde nuen besteekiko". Lehen jardunaldiaren amaieran lidergoan zen Kimetz, 8:02:23 denborarekin. "Bigarrenari (Patrick Siekkinen) 7 segundoko aldea atera nion, baina hori ez da ezer. Hurrengo egunean edozer gerta zitekeen".

Bigarren egunean hotza eta laino handia zegoela du gogoan. Baita, aurreko egunean dena eman zuenaren sentsazioa ere. "Nekea sentitzen nuen". Hirugarren izan zen Kimetz bigarren jardunaldian, 8:15:81 denborarekin. "Bost segundo kendu zizkidan [Siekkinenek], baina bezperako aldea nahikoa izan zen txapelketa irabazteko". 

Bi segundo eskas besterik ez dira izan Kimetz eta bigarren postuan sailkatu den Patrick Siekkinen finlandiarraren artean. Baina, nahikoa irabazlearen domina lepoan zintzilikatzeko. "Orain aste batzuk Italian jokatutako Europako txapelketan segundo batzuengatik geratu nintzen podiumetik kanpo. Hemen, segundo batzuengatik lortu dut Munduko txapelketa irabaztea". Pena bakarra du eta da ezin izan zuela podiumera igo saria jasotzera. "Bueltatu beharra nuen eta podiumera igo gabe geratu naiz". 

16 urte besterik ez ditu Kimetzek eta oraindik junior mailako hurrengo munduko txapelketan parte hartzeko aukera du. "Lehen 21 urtera arte zen junior maila, baina orain aldatu egin dute eta 18 urtera artekoa da. Mundiala bi urtean behin izaten da eta oraindik badut berriro parte hartzeko aukera. Polita izango zen bigarren aldiz irabaztea maila utzi aurretik".

Atseden handirik hartzeko denborarik ez du izango, baina. Izan ere, asteburu honetan Espainiako txapelketa jokatuko du Valladoliden. 

Pedro Etxeberria, beteranoetan

Kimetz Etxabe ez da izan zumaiar bakarra mundialean. Beteranoen mailan Pedro Etxeberriak hartu zuen parte. 3,8 kilometroko bidea egin dute maila honetan, hauek ere bi jardunalditan. Maila honen gogortasunaren erakusgarri, lehen postuetatik nahiko urrun izan da Etxeberria: 19. egin du zumaiarrak.