Aparkalekuen erregulatzea herri osora zabalduko da datorren udan

Baleike 2017ko aza. 21a, 19:37

Pasa den udan herriguneko aparkalekuak erregulatzeko sistema jarri zuen abian Zumaiako Udalak. Hala, Zubitxikitik herrigunera bitarteko kaleak egoiliarrentzako gorde ziren, TAO bidez erregulatuko ziren gune gutxi batzuk izan ezik. Udako esperientzia hau ez zen poligonoetara zabaldu eta horrek zenbait haserre sortu zituen Basadiko, Aita Mariko eta Alaiko bizilagunen artean. 

Behin uda amaituta, aparkalekuen erregulazioa bertan behera geratu zen, Ardantzabiden eta moilako gune batean izan ezik, eta ordenantza berria idazteko prozesua jarri zen abian. Prozesu horren baitan, pasa den astean bost bilera egin ziren: bi ostalariekin eta merkatariekin, eta beste hiru herriguneko, poligonoetako eta Oikiako eta Narrondoko bizilagunekin. Bilera hauetan EAJk eta EH Bilduk gai honen inguruan adostutako proposamena aurkeztu zuten.

Honen arabera, 2018ra begira, aparkalekuen erregulatzea poligonoetara eta Axular ibiltokiaren inguruan dauden kaleetara zabaltzea jasotzen da. Bileretan informatu zenez, Basadiko, Aita Mariko, Alaiko, Axularreko eta Estazioko kaleetako aparkalekuak egoiliarrentzako izango dira, bost gune izan ezik: Osasun Zentro aurreko eta, Alaien, Eroskiren aurreko guneak errotazio azkarrekoak izango dira (90 minutu gehienez), eta Aita Mari futbol zelai atzeko eta Itsas kiroldegi alboko guneak errotazio ertainekoak (6 ordu gehienez). Puntanuetan, berriz, jakinda etxebizitza bakoitzak garajea duela, espaloi bat egoiliarrentzako gordetzea proposatzen da eta bestea libre uztea.

Behin ordenantza abian jartzerakoan, poligonoetako bizilagunek ezingo dute herrigunean aparkatu, ezta herrigunekoek poligonoetan ere, errotazioko guneetan izan ezik.

Herrigunean, antzera

Herrigunean aurten izandako sistema mantentzeko ideia du Udalak, aldaketa txiki batzuekin. Merkatariek hala eskatuta, Zubitxikia eta Moilaberri artean, errioaren ertzeko espaloian, errotazio handiko gunea jartzea pentsatzen da. Moilan, autobusek buelta  ematen duten puntutik Arranplara bitarteko gunea errotazio ertainekoa izatera pasako litzateke, Julio Beobide ibiltokiko lehen etxebizitzen aurrealdea bezalaxe.

Estazioan eta Sarauneko zabalgunean jarritako aparkaleku libreei buruz ere hitz egin zuen Oier Korta alkateak bileretan. Bi gune horien erabilera handitzeko neurri batzuen berri ere eman zuen. Hala, Kortaren esanetan, bi guneak inoiz baino gehiago erabili dira aurten. "Saraunekoari dagokionez, asko erabili da, baina kexak ere izan dira, herrigunearekin lotzen duen txalupa zela-eta. Kexak bai aparkalekuko erabiltzaileen aldetik, baita Santiago hondartzako joan-etorriak egiten zutenen aldetik. Horregatik, maiztasuna handitzeko, datorren udaran beste txalupa bat alokatzeko ideia dugu".

Estazioko aparkalekuan, herrigunearekin lotura txu-txu trenaren bitartez egin da. "Baina, tren hau erabili bada ere, zerbitzua hobetzeko autobus bat ekartzea pentsatzen dugu. Hala, Itzurun gainera igotzeko aukera ere emango luke horrek".

Kronograma

Bilera hauen ondoren, mahai tekniko bat osatuko da politikariek, udal teknikariek, udaltzaingoko kideek eta herritarren ordezkaritza batek osatutakoa. Orain arteko bileren balorazioa egin eta ordenantzaren zirriborroa idaztea izango du helburu.

Urtea amaitu aurretik batzordean aurkeztuko da zirriborro hori eta datorren urtean publiko egingo da. 2018ko lehen hilabeteetako ordenantza onartuta egotea espero da, datorren ekainean abian egotea posible izan dadin.