Garazi Sanchezek eta Hodei Collazok irabazi dute Orroagako Surf Txapelketa

Baleike 2017ko aza. 20a, 11:01

Ianire Gonzalez-Etxabarri eta Imanol Yeregi zumaiarrak bigarren eta hirugarren izan dira, hurrenez hurren. Euskal Surf Zirkuituko hirugarren proba izan da asteburuan Orroagan jokatutakoa. Hemen ikus ditzakezue atzo goizeko hainbat argazki.

Iazko olatu ikusgarrien arrastorik ez da izan aurten Orroagako txapelketan; itsasoa bare, oso tarteka agertzen ziren metro eskaseko olatuekin moldatu behar izan dute surflariek. Hain olatu apurrekin, erabakigarria izaten da olatuak hartzeko lehentasuna ondo kudeatzea, gaizki aukeratuz gero, okerrak zuzentzeko aukerarik gabe gelditzeko arriskua izaten baita. Esate baterako, Imanol Yeregi ozta-ozta gainditu zituen final-laurdenak, azken segundotan hartutako olatuari esker. Gero, Hodei Collazoren kontrako buruz-buruzko finalaurrekoan, kontrakoa gertatu zitzaion: kanporaketa bideratuta zeukala zirudien bi olatu onekin, baina Collazok azken unean bere lanak egin eta erantzun ezinik gelditu zen Yeregi. Finala Collazok irabazi zuen, Ethan Egigurenen aurka –azken honek Julen anaia kanporatu zuen–. Yeregik hirugarren amaitu zuen txapelketa.

Garazi Sanchezek ez zuen hainbesteko zailtasun izan iazko garaipenari segida emateko. Finalaurrekoan Airana Aymat kanporatu ondoren, Ianire Gonzalez-Etxabarri izan zuen aurkari finalean. Zumaiarrak txapelketa bikaina egin du, finalaurrekoan Alejandra Garcia kanporatuz. Finalean, baina, Sanchez gaur gaurkoz surflari eginagoa dela nabaritu zen, Gonzalez-Etxabarri ederki lehiatu zen arren.