Karitateko Karmeldarrak agurtzeko ekitaldi jendetsua egin da Maria eta Josen

Baleike 2017ko aza. 19a, 15:15

146 urtez gure artean egon ondoren, Karitateko Karmeldarrek datozen asteotan utziko dute Zumaia. Lekaime hauek agurtzeko bi ekitaldi egin dira: lehenbizi, meza nagusian gogoratu dituzte eta ondoren, eguerdian, ekitaldia egin da Maria eta Jose ikastetxeko areto nagusian. 

Gainezka izan da aretoa, Zumaiako eta beste herrietatik etorritako jendearekin. Asko ikastetxeko ikasle ohiak  ziren, baina baita emakume hauek agurtu nahi izan dituzten beste herritarrak ere. 

Bideo baten ondoren, ikasle ohi talde bat agertokira igo da. Batzuk kandelak zeramatzaten eskuetan, besteek loreak. Aretoko lehen ilaratan eserita zeuden lekaimeak agurtu dituzte agertokitik. Bizitako hainbat pasarte ere gogoratu dituze. 

Ikastetxeko zuzendari Isaak Aranberrik eta Zumaiako alkate Oier Kortak ere hitz batzuk zuzendu dizkiete. Amaieran, opariak banatzeko aukera ere izan da. 

Mende eta erdiz Zumaian izan diren moja hauen inguruko erreportajea argitaratuko dugu abenduko Baleike aldizkarian.