146 urte ondoren, karmeldarrek agur esango dute igandean

baleike 2017ko aza. 16a, 20:52
Isaak Aranberrik, 2012an hartu zuen eskolaren zuzendaritza.

1871ko azaroaren 26an etorri zen Karmeldarren Kongregazioa Zumaiara. Helburu argia zuten: emakumeei hezkuntza eskubidea ahalbidetzea. Patxita Etxezarretarekin elkarlanean, eskola jartzea lortu zuten  herrian, eta orain, 146 urte beranduago, agur esango dute Maria eta Jose ikastetxean gelditzen diren zazpi mojek. Igandean, omenaldia jasoko dute eskolako areto nagusian, 12:30ean. Herri osoa dago gonbidatua.

Vedruna Karmeldarren Kongregazioa Katalunian sortu zen emakumeei hezkuntza arautu bat bermatzeko asmoarekin. Kataluniatik hasi zuten hezkuntza sarea zabaltzen, eta 1871. urtean Zumaiara etorri ziren. Patxita Etxezarreta alargundu egin zen garai hartan, eta ondorioz, hainbat jabego geratu zitzaizkion. Bere nahia, ondasun horiek emakumeen hezkuntzara bideratzea zen, eta hala, apaiz baten bitartekaritza lanen ondoren, karmeldarrengana iritsi zen. Horrela sortu zen Maria eta Jose ikastetxea.

Eskolaren hastapenetatik berrikuntzarako eta sormenerako lan lerroak finkatu zituzten. “1874an Etxezarretak eta eskolak akordio bat egin zuten klaseak euskaraz emateko. Ordura arte, ez zen horrelakorik existitzen hezkuntza arautuan, eta hauek euskararen aldeko pausoa eman zuten”, kontatu du Isaak Aranberrik, eskolako zuzendariak.

1960an adibidez, lehendabiziko aldiz, erlijiosoak ez ziren irakasleak hasi ziren sartzen, eta 80. hamarkadan, mojak baino gehiago ziren. “Pixkanaka kongregazioaren sarea jaisten ari da, azkenean bokazioa ere gutxitzen ari den bezala. Hori dela eta, mojak biltzeko hainbat zentro ezarri ditu kongregazioak berak, eta hemen dauden zazpiak Gasteizera joango dira”, adierazi du. Omenaldia igandean egingo da, baina hilaren 30ean joango dira behin betiko. “Triste daude, eta pena ematen die. Azkenean, 30-40 urtez bizi izan dira hemen”, jarraitu du.

Etorkizuna

2012an hartu zuen Aranberrik eskolaren gidaritza, baina orain, joateko erabakia hartu dute  mojek. “Herriak eskatuta etorri ziren duela 146 urte, eta orain, eskolaren funtzionamendua berriro ere herriari utzi nahi diote, hau da, egun dagoen lan taldeari, familiei eta ikasleei”, nabarmendu du.

Igandean egingo zaie azken agurra eskolako aretoan, 12:30ean. Aldez aurretik, mojak beraiek antolatuta, parrokiko meza nagusian, 11:00etan, lehen agurra jasoko dute. “Eskola bezala, gure agurra ikastetxean bertan egin nahi genuen eta Udaleko ordezkariak, ikasleak eta ikasle ohiak etorriko dira. Euskaltzaindiako ordezkariren bat ere etortzekoa zen baina gaixorik dago, eta ez dakigu azkenean etortzeko aukerarik izango duen”, kontatu du.

Zumaian geratzen diren mojez gain, kongregazioko beste hainbat etorriko dira igandean, eta guztira, 30 bat izango dira. “Ikasle ohiak ere badakit dezente elkartu direla, eta gainera adin guztietakoak. Gure aldetik, oraingo ikasleek, dantza bat egingo dute. Bertan, eskolak izan duen ibilbidea kontatuko da; iraganetik orainera egindako bidaia islatuz”, esan du.

Hain zuzen, inflexio puntua izango da igandeko ekitaldia. “Orain arte egin dutena eskertuko diegu, eta puntu bat markatuko da. Puntu horrek jarraipena izango du, noski. Hemen jarraitzen dugunok, gure balioak lantzen segituko dugu gaur egungo tendentziekin eta metodoekin, beti ere gizarteko beharrei erantzunez eta egokituz”, amaitu du.