Bigarrenaren bila

Baleike 2017ko aza. 15a, 20:15

Pistako lehen jardunaldiak aho zapore gazi-gozoa utzi zien Viveros San Anton- Zumaiako Txirrindulari Taldeko ziklistei: Mikel Manzisidor erori egin zen eta min hartuta ezin izan zuen jarraitu. Hala ere baikortasunerako zertzeladak eskaini zituen, iaztik hobekuntza handia erakutsiz. Antton Tolosak jubenil mailako lehen lasterketan maila duina eman zuen oraindik sasoiko ez izan arren.

Kadeteen scratch probarekin hasi zen Bioracer Challengeko lehen jardunaldia. Lasterketaren hiru laurdenak gainditu zirenean eroriko jendetsua izan zen, eta lehen unean salbatuko zuela iruditu arren, erori zen txirrindularietako baten gurpilak jo eta Mikel Manzisidorrek ere belodromoko zementua probatu zuen. Ezker aldea kolpatuta, lehen zauritxoak sendatu eta erietxera eraman zuten; bertan, sendagileek ikusi zuten ezer larririk ez zuela eta senda agiria jaso zuen baina hortxe zapuztu ziren bere ametsak. Mancisidor bigarren urteko kadetea da eta lasterketan izan zen bitartean iaztik izan duen hobekuntza erakutsi zuen, lasterketan ia denbora osoa aurreko postuetan, ondo kokatuta ibili baitzen. Abenduaren 2an izango du berriz ere korritzeko aukera Mikel Manzisidorrek eta bitartean ondo osatzeko beta badu.

Jubenil mailan, Antton Tolosa estreinatu zen eta Tempo lasterketan sufritu baldin bazuen, askoz ere lasterketa hobea egin zuen puntuaketan, batez ere erditik aurrera. Oraindik ere sasoiko jarri eta lasterketa ondo irakurtzeko urratsak eman behar ditu baina maila aldaketa ez du asko antzeman eta ondorio positiboak atera daitezke lehen jardunalditik. Datorren larunbatean berriz ere pistan izango da eta pedal kolpea borobiltzen joango da, denboraldia hasi besterik ez baita egin. Sailkapenean 14. tokian da Viveros San Antongo txirrindularia.

Datorren larunbatean, Antton Tolosarekin batera, beste hiru txirrindulari izango dira Bioracer Challengeko bigarren jardunaldian. Kadete mailan lehen urtekoen lasterketak izango dira eta bertan estreinatuko dira, bai mailan eta baita pistako lasterketetan ere, Aitor  Agirre Egaña, Roman Zabaleta Lizarralde eta Kimetz Etxabe Zubiaurre. Hiru gaztetxoek lehen eguneko urduritasuna gainditu beharko dute baina entrenaldietan erakutsi duten egokitzeko prestutasunarekin eta duten gogoarekin, estreinaldia oparoa izango dela ezin zalantzan jarri. Arratsaldeko 4etan hasiko dira Antonio Elorza belodromoan lasterketak.