Amurrion kantatuko du Jon Maiak igandean, finalaurrekoetako bigarren itzulian

Baleike 2017ko aza. 15a, 14:18
Argazkia: Bertsozale elkartea.

Amurrion emango zaio hasiera Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako bigarren itzuliari igandean, 17:00etan. Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Jon Martin, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colinarekin batera abestuko du Jon Maiak.

Sei bertsolari horiek oholtzaratuko dira Amurrioko Bañueta kiroldegian. Ohi bezala, 17:00etan hasiko da saioa eta ateak 15:30ean irekiko dira. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai eta aurrez amaitu ezean, egunean bertan ere zabalduko da leihatila 15:00etan.

Eginbeharreko ariketak ere aldatu egingo zaizkie bertsolariei lehen itzulitik bigarrenera. Aintzane Irazusta gai-jartzailearen gidaritzapean, hauek izango dira parte-hartzaileek egin beharko dituzten lanak.

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
  • Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.