Hiesa duten emakume indiarren alde lanean

baleike 2017ko aza. 14a, 18:44
Ezkerretik eskubira: Sara Anton, Nagore Osa, Ainhoa Peña, Eneritz Arizmendiarrieta eta Anne Campo. Argazkia: Vidas en positivo taldea.

Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza ikasketetako bost ikaslek, Indian hiesa duten emakumeen alde crowdfunding kanpaina jarriko dute abian abenduaren 1ean, Hiesaren Aurkako Nazioarteko egunean.

Eneritz Arizmendiarrieta bergararra, Sara Anton debarra, Anne Campo eta Ainhoa Peña gasteiztarrak, eta Nagore Osa zumaiarra Mondragon Unibertsitatean irakasten den LEINN graduko ikasleak dira. Bertan, enpresen sorrera eta talde autogestionatuak eraginkortasunez kudeatzeko prestakuntza jasotzen dute, eta urtarriletik apirila bitartean, Txina eta Indian izango dira hainbat proiektu garatzen. “Beste herrialde batean eta beste errealitate batean lan egiteko asmoarekin joango gara. Ekintzaileak izateko ikastera goaz, azken finean. India nahiko herrialde konplexua da; hazten ari da, baina oraindik arazo sozial asko dituen herrialdea da, eta gure proiektu batzuk horretara enfokatuta egongo dira”, kontatu dute.

Donostian dagoen Calcuta ondoan Gobernuz Kanpoko Erakundearekin jarri dira harremanetan Vidas en positivo proiektua garatzeko. Bombaytik gertu dagoen herri bateko komunitate batean hiesa duten emakume talde bat aurkitzen da, eta hainbat proiektu garatzen dituzte bertan. “Elkartearen helburua da batez ere emakume horien ahalduntzean laguntzea”, adierazi dute.

Gipuzkoako Aldundiak 2017/2018 urtean finantziatu du proiektu hori, baina epe luzean garatzen laguntzeko ez dago diru poltsarik. “Gure helburua da beraz, diru poltsa hori lortzea, eta horretarako crowdfunding kanpaina bat egitea pentsatu dugu”, kontatu dute.

Kontzientziazioa

Boskotearen lana, proiektuaren Gabonetako kanpaina eramatea izango da. Horretarako, abenduaren 1ean, Hiesaren Nazioarteko Egunean, jarriko dute martxan kanpaina. “Egun horretan bi bideo plazaratuko ditugu. Lehenengoan Indiako emakumeek bizi duten egoera islatuko da, horretarako hiru faktore oinarri hartuta: pobrezia, prebentzio falta eta emakumea izatea. Bigarrengo bideoan, berriz, proiektuaren nondik norakoak kontatuko dira”, azaldu dute.

Elena Irureta, Zuriñe Hidalgo eta Nerea Mazo artisten kolaborazioa izango dute bideo horietan, eta errezelo kanpaina bezala deituriko honetan, Tinder aplikazioarekin ere jolas moduko bat aurrera eramango dute. “Ligatzeko aplikazio horretan, jendearekin ligatzen joango gara eta elkarrizketaren momentu batean kondoia erabiltzen duten edo ez galdetuko diegu. Jarraian, spam moduan, gure bideoa bidaliko diegu. Horrekin lortu nahi dugu gazteen artean kontzientziazioa edo sentsibilizazioa garatzea. Izan ere, datuen arabera, bai Euskal Herrian, eta baita Espainian ere gaixotasun indizea hazten ari da”, kontatu dute.

Hiesaren Nazioarteko Eguna

Gabonetako kanpaina hori abenduaren 1ean hasi eta 31a arte izango da, eta Goteo plataformaren bitartez eramango dute aurrera crowdfundinga. Guztira, 100.000 eurotan jarri dute proiektua garatzeko gehienezko diru kantitatea, eta parte hartu nahi duenak hainbat sari lortzeko aukera izango du. Alde batetik, GKE-ak egindako Indiako poema eta argazkiz jositako liburu bat, eta beste aldetik, hiru formatutan dagoen kotoiz eta haziz egindako opari moduko paperak. “Opari hauetan emakume indiar baten irudia egongo da, eta ideia da emakumearen ahalduntzeari buruzko mezua edo esaldia idaztea, eta beste bati ematea Gabonetako opari bihurtuz”, kontatu dute.

Gainera, Hiesaren Nazioarteko Egunean, EAEko hiru hiriburutan zenbait ekintza egingo dituzte aldi berean. “Donostiako kasuan, Udalarekin eta bertako elkarteekin ari gara ekitaldia antolatzen, baina Gasteizen eta Bilbon ere izango gara. Kalean egingo ditugu ekintzak. Oraindik prestaketetan gabiltza baina gure nahia, hiesaren inguruko sentsibilizazioa egiteaz gain, gure proiektua ezagutaraztea da”.  Amaitzeko, abenduaren 1ean bertan, eta hiru hiriburutako tabernetan, gaileta edo bonboi itxura duen pakete bat banatuko dute kafearekin. “Zabaltzean, aukeratu! jarriko du. Alde batean kondoi bat egongo da, eta beste aldean gaixotasunak dakarren ondorio bat. Gure kasuan, aukera hor dagoela ohartzeko balioko du. Emakume indiarren kasuan, ez dute aukerarik”.