“Ospitalezain batentzat zailena da ezetz esatea”

Baleike 2017ko aza. 14a, 15:12

Donejakue bideko erromesentzat bidelagunak izan ohi dira aterpetxeetan boluntario egoten diren pertsonak. Iaz zabaldu zuten Komentua kostako bideko aterpetxe modura, eta beste bat gehitu zioten ibilbideari. Gipuzkoako Donejakue Bidelagunen Elkarteak bere gain dauzka aterpetxearen ardura eta gestioa. Fernando Imazekin hitz egin dugu, elkartearen presidentearekin.

(Erreportaje hau urriko Baleike aldizkarian argitaratu zen)

Aterpetxea ixteko 15 egunen faltan egin dugu hitzordua Imazekin. Eraikinaren sarreran ikusi dugu gaur ospitalezain lanetan ari diren Luisa eta Filomeno bikotearekin. Lituaniatik datozen bi pertsonari datuak hartzen ari zaizkie. Guri ere ongietorri berezia egin digute. “Erakutsiko dizuet aterpetxea?”, galdetu digu Imazek. Horrela, elkarrizketa hasi baino lehen instalazioak ikusi ditugu.

Guztira 16 gela ditu aterpetxeak, bi komun eta egongela bat. “Egongela honetan Handia filmaren eszena batzuk grabatu zituzten”, kontatu du Imazek. Sukalderik ez dago, baina egongelan, kanpotik ekarritakoa jateko aukera daukate. Arropa garbitzeko ez dute garbigailurik, baina bai ontzi handi bat eta zentrifugagailu bat. Lorategi ederra dago kanpoan eta askok hor pasatzen dute arratsaldea deskantsatuz.

39 pertsonarentzako lekua dago Zumaiako aterpetxean, baina eraikinaren egoera dela medio, 25 hartzen dituzte gehienez ere.

Iaz jarri ziren elkartea eta Zumaiako Udala kontaktuan. “Irabazi asmorik gabeko elkarte bat gara eta donazioen bidez funtzionatzen dugu. Irabazten dena Udalak esaten digun elkarteetara banatzen dugu”, esan du. Iaz ekainean jarri zuten martxan aterpetxea, baina aurten apirilaren 1etik dago zabalik. Urriaren 15ean itxiko dituzte ateak. “Udalari giltzak eman aurretik, konponketaren bat edo beste egingo dugu. Iaz zoru zati bat zaharberritu genuen, eta aurten ere beste zoru zati bat edo konponduko dugu”, jarraitu du.

Hamaika aterpetxe Gipuzkoan

Zumaiako aterpetxea ez ezik, Pasai Donibanekoa, Donostiakoa, Zarauzkoa, Andoaingoa eta Beasaingoa daramatza elkarteak. Donostiakoa eta Zarauzkoa, adibidez, uztailean eta abuztuan zabaltzen dituzte bakarrik, eta egokitzapen lanak egin behar izaten dituzte, hau da, ekainaren bukaeran guztia muntatu eta irailaren hasieran dena kendu. Zumaiatik Donejakue bidearen kostako ibilbidea pasatzen da. Gidaliburu eta mapa guztietan hirugarren etaparen barnean kokatzen dute, hau da, Zaraeutz-Deba zatiaren barnean. Ibilbidea Irunen hasten da, eta Imazek kontatu duenez, erromesek bi eratara jokatzen dute: alde batetik, Irun-Donostia egiten dutenak daude; horiek Donostia-Zarautz osatzen dute bigarren etapan, eta hirugarrenean, Zarautz-Deba egiten dute. “Beste batzuei, ordea, lehen etapa luze egiten zaie, eta, orduan, Donostiara iritsi beharrean, Donibanen gelditzen dira. Hurrengo egunean, berriz, Orioraino iristen dira, eta hirugarren egunean Zumaian gelditzen dira”, kontatu du.

Zumaiako ospitalezainek Kalbarioraino [Mutriku gainera] joateko gomendatzen diete hurrengo egunean. “Zergatik? Debaraino nahiko motz geratzen da bidea. Eta hurrengo egunean etaparik gogorrena egitea tokatuko zaie, hau da, Debatik-Markinara. Orduan, bezperan 7 kilometro kentzen badituzte, hori aldeko”, jarraitu du.

Aterpetxeetan boluntario dauden pertsonek oso ongi ezagutzen dute bidea, normalean eginda izaten baitute. 70 pertsona inguruk osatzen dute elkartea, adin ezberdinetako pertsonek, “94 eta 83 urteko pertsonak ere baditugu”, aipatu du. 1987an sortu zen elkartea eta helburu dute erromesari atenditzea, Donejakue bideaz dibulgazio lana egitea eta ibilbidea markatzea.

Modan dagoen turismo plana

Imazek 1984an egin nuen lehendabiziko aldiz Santiagorainoko ibilbidea, eta frantsesa zela pentsatzen zuten. Urte hartan 200 bat erromes iritsiko ziren Santiagora, eta horietatik 180 frantsesak izango ziren. “Bidea markatu gabe zegoen, eta bidean ez nuen beste inor aurkitu, ez nuen beste inorekin kointziditu. Orreagan, argiaren kableak jarraitzeko esaten zidaten!”, gogoratu du. Orduan, erromes askorentzat, fedea zen bidea egiteko arrazoia. “Orain turistikoa da, eta modan dago; horren ondorioz, askorentzat egin behar den zerbait da”, gaineratu du.

Egiaztagiri bidez sartu behar da aterpetxe batera lotara, horrela jakiten baitute zein den erromesa eta zein ez. Non lortzen da hori? “Berdin du zein ibilbide egin nahi duzun, baina gure elkartera etorri eta bertan ematen dugu informazioa, egiaztagiria eta behar diren azalpenak. Baina, beno, txarrenean, edozein aterpetxetan ere ematen dute”, esan du. Baina egiaztagiria izateak ez du nahitaez esan nahi erromesa zarenik; izan ere, jende askok oporraldi merkeak bilatzen ditu.

Hondartzaz hondartza

Erromes guztiek egiaztagiria izan behar dute aterpetxean sartzen uzteko, eta ondoren, zigilua ipintzeko. Behin Santiagora iristean, La Compostela deitzen den zertifikatu bat ematen dute. Baina egiaztagiria duten guztiak erromesak dira? Zenbatek egiten dute Donejakue bide osoa? “Arriskua daukagu turista bat etorri eta guk egiaztagiria emateko. Pasatzen zaigu, eta badakigu, gainera. Aterpetxe honetatik pasa diren zenbat iritsiko ote dira Bilbora? Ez dut Santiagora esaten. Hobeto ez pentsatu!”, aitortu du. Oporraldi merkeen bila etortzen da jende asko, eta horietatik mordo bat atzerritarrak dira. “Aterpetxe sarrerara motxila batekin etortzen dira, baina gelan sartzen direnean, maletak ikusten dizkiezu… zer egin behar duzu, orduan? Kalera botaz gero, kexak jartzen dizkizuete, denuntziak ere baditugu…”, jarraitu du. Imazen esanetan, hondartzaz hondartza merke bidaiatzeko aprobetxatzen dute batzuek. “Izugarrizko kostalde polita daukagu, eta jendeak hori nahi du bisitatu”, esan du. Azken urteetan, adibidez, frantses ibilbidea gainbeheran etorri da, eta, aldiz, kostaldekoak indarra hartu du. “Turismoak lagundu du horretan, eta, azken urteotan, Zumaiak hartu duen izena dela eta, jende kopurua handitu egin da”, aitortu du.

Aterpetxeko ardura osoa boluntarioen esku geratzen da, baita erromesen sarbidea ere. Hala, momentu horretan ospitalezain dagoenak erabakitzen du pertsona sartzen uztea edo ez. “Guretzat zailena da ezetz esatea, horretan zalantzarik ez izan”, aitortu du. Izan ere, ez dute lan egiten kontzientzia txarrarekin geratzeko edo gaizki pasatzeko. “Azken finean, erromes bat aterpetxera etortzen denean, gu gara guztia harentzat eta irribarre handi batekin harrera egitea da gure betebeharra”, adierazi du.

Aterpetxeen beharra

2004. urtean hasi ziren kostako bidean aterpetxeak jartzen, eta ordutik ibilbideak gorakada handia izan du. 1988. urtean, Imaz bera izan zen ahaztuta zegoen ibilbide hori egiten lehenengoetako bat “Bideari buruzko hainbat erreferentzia bazeuden, baita bibliografia eta mapa batzuk ere. Horiek aztertu eta ikasi, eta hala abiatu ginen Santiagora. Gogoratzen naiz ez zigutela Compostela zertifikatua eman nahi izan, oraindik ez zegoelako aitortuta ibilbide bezala”, esan du. 1991-1992. urteetan Eusko Jaurlaritzak potentziatu nahi izan zuen bide hori, eta horretarako osatu zuen gidaliburu bat. “Ez zuen ezertarako balio izan. Aterpetxerik gabe jendeak ez du bidea egiten, ez baitaude ordaintzeko prest, eta gutxiago oso garesti”, nabarmendu du. 

Aterpetxeak gestionatzeko, elkarteak boluntarioen txandakatze sistema erabiltzen du. Gipuzkoako aterpetxeen kasuan, 120 txanda bete behar dira urtero, eta txanda bakoitza 10 egunekoa da. Jende eza dute arazo nagusia, eta horregatik, 3 edota 4 txanda egitea ere tokatzen zaio boluntario bakoitzari. “Txandakatze sistemarekin San Juan de Ortegan dagoen monasterio batean hasi ginen, Burgosen. 1991. urtea zen. Hurrengo urtean, Orreagan egon ginen, eta sistema berarekin jarraitu genuen”, gogoratu du.

Urriaren 15ean itxiko dituzte ateak Gipuzkoako aterpetxe guztiek, eta Zumaiaren kasuan, 4.000 pertsona baino gehiago igaro dira. Iazko datuak ere oso onak izan ziren; izan ere, denbora laburragoan egon zen zabalduta eta 3.000 pertsonara iritsi zen. Gutxienez 50 herrialdetako jendea pasa zen hemendik, iaz batez ere alemaniarrak. “Zumaia toki berezia da, eta aterpetxea bera ere bai. Edozein boluntariorentzat sari bat da hemen lan egitea”, gaineratu du.

Imazentzat Donejakue bidea bera da berezia, baita boluntario moduan egiten duen lan guztia ere. Poza ematen dio eginkizun honek, eta aitortu duenez, baita nahigabeak ere. “Dena ematen dit, poza, lagunak, baita atsekabeak ere, baina guk sortu genuen elkartea eta kostako bidearen aldeko apustua, eta horrek asko lotzen zaitu”.