Zumaia mundura zabaldu zen unea

Baleike 2017ko aza. 13a, 18:06

Udal Elkarteak eta Ontzi Museoak antolatutako itsas ondarearen inguruko bigarren hitzaldi ibiltaria egin zen igandean Zumaian. Elkanoren bidaia eta Zumaiako bizilagunak lotu zituen hizlariak.

itsasoari lotuta dagoen eskualdea da gurea. Kostako herriek duten itsas ondarea ezagutzera emateko asmoarekin, eta Juan Sebastian Elkano getariarraren bigarren bidaia gai bezala hartuta, hitzaldi ibiltari sorta bat antolatu dute Urola Kostako Udal Elkarteak eta Donostiako Ontzi Museoak. Abenduaren hasierara bitartean egingo diren bost hitzaldietatik lehena orain hamar egun egin zen Orion eta bigarrena pasa berri den igandean Zumaian.

Josu Etxezarraga historia doktoreak eta Erdi Aroko adituak gidatu zuen Zumaiako hitzaldi ibiltaria. Elkanoren bigarren bidaia eta Zumaiako bizilagunak lotu nahi izan zituen hitzaldi ibiltari honetan. Sanjuaniturrian, Olazabal idazkariaren jauregiaren parean elkartu ziren ekitaldiko parte-hartzaileak.

Urolaren ertzera jaitsita, Zumaiako hiribilduaren sorrera gogoratu zuen doktoreak. Garai hartan parrokia Orreagako Ospitalearena zen eta hiribildua kokatuko zen lursaila Lope Ibañez de Arriaga delako gizon batena. "Inguruko herri eta auzoetako jauntxoek bultzatu zuten Zumaiako hiribildua sortzea. Hala, itsasoaren bidez, mundura zabaltzea lortu zuten".

Lurren ordez truke bat proposatu zuen Arriagak: Bi belaunalditan parrokiko patroia izango zen bere familia. Parrokiak izena aldatu zuen eta Santa Maria izatetik San Pedro izatera pasazen. Zumaiako herria sortu zenean Arriagak ere abizena aldatu zuen eta Zumaia izatera pasa zen. Berea zen oraindik Alde Zaharrean zutik sagoen Zumaia etxea.

Parrokiara hurbiltzean Zumaiako Elkanoren bigarren bidaiarekin zuen lotura azaldu zuen Etxezarragak, izan ere, Elkanok erabali zituen zazpi ontzietako bateko kapilaua, Juan de Areizaga, Zumaiako San Pedro parrokiako apaiza izan zen. "Ez zuen munduko buelta ematea lortu, baina Zumaiara itzuli zen eta apaiza izaten jarraitu zuen", azaldu zuen Etxezarragak.

Hurrengo hitzaldiak
Beste hiru hitzaldi izango dira. Igande honetan, hilak 19, Elkanoren senitarteko zarauztarrak saioa izango da Zarautzen; azaroaren 26an Azter dezagun Getariako Elkanoren Monumentua Getarian eta abenduaren 3an Elkanoren dokumentuak Laurgaingo Jauregian, Aian. Izenak Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako turismo bulegoetan eta Aiako udaletxean eman daitezke.