Denboraldi berriari ekiteko prest

Zumaiako Txirrindulari Elkartea 2017ko aza. 10a, 09:30
Zumaiako Txirrindulariak pistako denboraldia prestatzen, Ampoko Aitor Olaziregi zumaiarra Viveros San antongoei laguntzen

Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteak gaur hasiko du denboraldi berria. Gaur parte hartuko dute taldeko bi txirrindularik pistako Bioracer Challengeko lehen jardunaldian.  

Jubenil bat eta lau kadete izango dira aurten taldean eta otsailaren bukaeran hasiko den errepideko denboraldia prestatzeko pistako lehiaketan parte hartuko dute. Antton Tolosa Urangak jubenil maila estreinatuko du eta larunbatekoa izango du lehen lasterketa maila berrian. Kadeteetan pistako challengeko lehen jardunaldian bigarren urtekoek bakarrik parte hartuko dute eta gure kasuan Mikel Mancisidor Lazkano da estreinatzeko prest dagoena. Bigarren jardunaldian lehen urtekoek parte hartuko dute eta lehenengoz Donostiako belodromoan korrituko dute Aitor Agirre Egañak, Roman Zabaleta Lizarraldek eta Kimetz Etxabe Zubiaurrek.

Hiru hauentzat lehen harremana da pistako ziklismoarekin. Beraz, ikasteko urtea izango dute. Hilabete daramate lan fisikoa eginez eta astean behin edo bitan belodromora joanez entrenatzera; gogotsu hartu dute aurredenboraldia, neguko lanarekin ereindako hazia, udaberri-udaran errepidean loratuko delakoan.

Gaur Antonio Elorza belodromoan hasiko den pistako Challengean kadeteek scratcha eta puntuaketa lasterketak izango dituzte eta jubenilek berriz tempo eta puntuaketa lasterketak. Parte hartze handia espero da, estatu espainiarreko hainbat lurraldetatik txirrindulariak etortzekoak baitira.