Gazteak barraren bestaldean

Baleike 2017ko aza. 9a, 09:44

Ugari dira ikasturtea amaitu eta lan bila hasten diren gazteak. Askok ostalaritzan aurkitzen dute diru pixka bat irabazteko aukera. Hilabete gutxi batzuk iraungo dituen lana izan ohi da, udazkenarekin batera ikasketetara itzuli bitartekoa.

(Artikulu hau urriko Baleike aldizkarian argitaratu zen)

Turismoak gora egin du herrian, eta horrekin batera tabernetako mugimenduak. Hori dela eta, Zumaian gazte asko aritzen dira lanean tabernen barra atzean. Ikasturteen arteko hilabete libreak aprobetxatu nahi izaten dituzte askok, diru pixka bat irabazteko. Askorentzat aurtengoa izan da lehen esperientzia.

Tabernetan lan egitea erabakitzen duten gazteek aukera “errealistena” ikusten dute sektore horretan. “Nire kasuan, ez nuen aukera gehiegi, lan munduan esperientziarik gabe, eta bi hilabete izanik, aukera errealistenaren alde egin nuen”, adierazi du Inhar Yeregik. Yeregik 21 urte ditu, eta Kraken tabernan (Beheko plazan) aritu da udan, irailean Telekomunikazioen Ingeniaritza gradura itzuli bitartean. Ez da lan egiten duen lehen aldia; bai, ordea, tabernako barraren beste aldean jartzen dena.

Sara Unanue Batxilergoa egiten ari da, eta honek ere lanean hasteko aukera “bakarrenetakoaren” alde egin du. Goiko tabernan hasi zuen bere lan esperientzia Unanuek, ondoren Itzurun hondartzako kantinan jarraitzeko. Gehienek uda amaitzearekin batera bukatzen dituzte lanak, baina berak jarraitzea erabaki du, Justa tabernan. “Ez dugu edonon lan egiteko curriculumik; beraz, ostalaritzara jotzen dugu”, azaldu du.

Udan gazteen gastuek gora egin ohi dute, eta horiei aurre egiteko lan egin beharra dago. Unanuek gidabaimena ateratzeko nahi du dirua: “Ez zitzaidan justua iruditzen gurasoek dirutza hori gastatzea nire kapritxo batean”. Beraz, dirua lortu eta aurreztearen alde egin du. Maite Lazkano bat dator ideia horrekin: “Nire gastuak handiagoak dira orain, eta gurasoei eskatu beharrean, dirua nonbaitetik atera beharra dago”. Justa tabernan aritu da Lazkano ere, lan hori haurren udalekuetako monitore izatearekin uztartuz. Iraila iristearekin batera, ordea, Gasteizko pisura itzuli da, Geografia graduko azken urteari ekiteko.

Gazteentzat euren formakuntza profesionalarekin lotutako lanetan aritzea “zaila edo ia ezinezkoa” iruditzen zaio Mikel Eizagirreri. Beraz, taberna batean lan egitea erabaki du hark ere, Getarian. Gazteen arrazoiak ugariak direla uste du: “Badira euren gastuei aurre egiteko lan egiten dutenak, baita etxeko egoera ekonomikoa txarra delako egin behar dutenak ere”. Egungo egoera ez da “xamurra” Eizagirrerentzat: “Batzuentzat nahitaezkoa bihurtzen da lan egitea ikasi ahal izateko”.

Eizagirrek, baina, positibotzat hartu du lan munduarekin izaniko lehen kontaktu hori, bere ikasketekin erlaziorik izan ez arren. Ikus-entzunezko Komunikazioko ikaslea da egun. “Ikasteko balio izan dit”, dio. Ikasteko balio dietela esan dute gainerakoek ere. Yeregik “lan munduan esperientzia” lortu izana ere azpimarratu du.

Ane Egañak heldutasuna aipatu du: “Uste dut asko heltzen zarela diruak zenbat balio duen konturatzen zarenean”. Batxilergoa ikasten ari da eta aurten izan du lanean hasteko lehen aukera, eta Beheko Plaza tabernan aritu da. Lanean hasteko leku aproposa iruditzen zaio ostalaritza, baina horren gogortasuna kontuan izanda: “Ordu asko dira egin beharrekoak, eta ez da lan erraza”.

“Lan gogorra”

Guztiek positibotzat jo dute euren udako lana, eta gustura egin dutela azaldu dute, baina barraren bestaldean jartzeak duen gogortasuna ere azpimarratu dute. “Lana aurkitzea erraza da, baina ondoren sakrifikatua”, azaldu du Unanuek. Halere, norberaren antolaketa pertsonalean ikusten du gakoa. Lan mota horretan “presioa” sumatzen dela adierazi du Egañak, baina gazteak errazago ohitzen direla horrela lan egitera.

Eizagirre bat dator gogortasunaren ideia horrekin: “Lanean hasi aurretik imajina dezakezu lan gogorra dela, baina hasi arte ez dakizu zenbateraino”. Lanak eskatzen dituen ezaugarrietara ohitu beharra ezinbestekoa da Eizagrriren ustez, besteak beste, bezeroekiko jarrera irekia izatea: “Jendea bere denbora librean dago, baina zu lanean zabiltzala gogoratu behar duzu”.

Yeregik ez du ezkutatzen “momentu zailak” izan dituela, “baina hori normala da”. Horiei aurre egiteko laguntza onena gainerako langileengan aurkitu du: “Gainera, lagun on bat izan dut nirekin lanean, horrek asko lagundu dit, zentzu guztietan”. Eizagirrek ere adierazi du lankideen tratuak dena erraztu diola, “etxean” ikusi da, gustura. Hitz berak aipatzen dituzte Egañak eta Lazkanok ere, “gustura” eginiko lana izan dela. Lazkanok uste du, gainera, zortea izan duela lanarekin: “Ikusi ditut ordu gehiago sartu eta gutxiago irabazi dutenak”.

Langile gazteen egoerari dagokionez, denetik dago, Yeregiren ustez: “Denetik entzun dut, eta askori ez zaie kexatzeko arrazoirik falta”. Eizagirrek arrazoia ematen dio, eta hirugarren sektorean aritzen diren gazteen arteko “kontzientzia kolektibo baten” beharra azpimarratu du: “Ondoko tabernan dabilena beste mundu batean dagoela uste dugu. Egoerak eta lan baldintzek hobera joateko hitz egin behar dugu, gure beharrak eta motibazioak elkartzeko”. Badaki, ordea, ez dela erraza, hilabete gutxiko lana izan ohi baita, bakoitzaren ikasketetara itzuli aurretik.

Eta gero zer?

Ikasketak burutu bitarteko lan bezala ikusten dute gazteek ostalaritza. “Tabernek jendea behar dute, eta ikasle bizitzarekin bateragarria da”, dio Yeregik. Hortik aurrera, ordea, inork ez du bere burua mundu horri lotuta ikusten. Egañaren ustez denborarekin “erre” egiten zaituen lan bat da: “Jendearekin tratatzerako orduan aldatu egiten zaitu horrek”. Badaki, baina, egun gazteek duten egoera zaila dela.

Eizagirrek egingo luke berriz ere lan barraren atzean, baina etorkizun ertain edo luzean ez du bere burua hor ikusten: “Uste dut ia inork ez duela egiten, baina askotan derrigorrezko bihurtzen da”. Ikasketekin lotura duen nonbait espero dute euren etorkizuna. Yeregik ere hala nahiko luke, “nahiz eta horrek pribilegio bat eman gaur egun”.

Lazkanok berdin pentsatzen du, baina badaki herrian gora doan lan mota bat dela ostalaritzakoa: “Duela urte batzuetatik kanpotik gero eta jende gehiago etortzen zaigu, eta hori eramaten jakin behar da”. Ikasturtea amaitzearekin batera bukatuko du gradua ere. Irakasle izatea du helburu, baina zaila ikusten du datorren urtean lana aurkitzea: “Beraz, ikasten jarraitu behar”. Galdera bera sortzen zaie gazte gehienei ikasketak amaitzean, “eta orain zer?”.