Zumaian hirugarren urtez egingo dira bazkari hauek Anitzen Sareak, Zumaiako Udaleko Berdintasun Sailarekin elkarlanean antolatuta. Pixkanaka, urtez urte, bazkari hauetan parte hartu duten familia kopurua handitzen joan dela adierazi dute ekimenaren bultzatzaileek gaur Alondegian egindako agerraldian. "Iaz 13 bazkari egin ziren eta aurten, oraingoz, hamar ditugu hitzartuta", esan du Anitzen Sareko kide Ixabel Dorronsorok. Izena emateko epea oraindik zabalik dago eta bertako, nahiz kanpoko familia batek bazkari hauetako batean parte hartu nahiko balu anitzensareazumaia@gmail.com helbidera idaztea besterik ez du egin behar. Epea ostiralean itxiko da.
Aurrez parte hartu duten kideek bazkari hauen balorazio ona egin dute. "Jendea gustura egoten da eta errepikatu egiten du", adierazi digu aurreko bi urteetan bazkari hauetan parte hartu zuen batek. Beste batzuk lehen aldiz izango dira parte hartzen. "Iaz alabak hartu zuen parte eta aurten guk ere bai, alde batetik beragatik, baina, bestetik gustatuko zaigulakoan".
Bakoitzaren historien eta bizimoduen berri jakiteko aukera izaten da, baita harremanak estutzeko ere. "Aurreko bi bazkarietan ezagutu genituen familiekin harremanak ditugu oraindik", aipatu zuen Ixabelek. "Gure kasuan harreman oso polita sortu da eta beraien umea batailatu zutenean gonbidatu egin gintuzten", azpimarratu du aurrez ere bazkari hauetako batean parte hartu duen gizonezkoak.
Ginea, Senegal, Maroko, Nikaragua, Argentina, Errusia... Jatorri anitzekoak dira bazkari hauetan parte hartu duten familiak. Kasu askotan, kultura erabat desberdinekoak dira eta antolatzaileek aurrez hitz egiten dute familia beraiekin. "Lehenbizi galdetzen diegu ea gonbidatuak edo gonbidatzaileak izan nahi duten. Gero, toki bakoitzean zer familia izango den jakitean, harremanetan jartzen dira jatordua erabakitzeko".
Bazkariak azaroaren 19an, eguerdiko ordu bietan egingo dira, "ahal bada etxeetan, baina, bestela, elkarte edo txokoetan". Aurretik, 13:00etan, Gurrutxaga plazan elkartuko dira parte-hartzaile guztiak argazki baterako.