Garbiñe Olaberria: “Kontsumo datuak ezagutzeak laguntzen du energia aurrezten”

baleike 2017ko aza. 7a, 19:12
Ezkerretik eskubira: Felix Asensio, Ingurumen zuzendaria; Jose Ignacio Asensio, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua; eta Garbiñe Olaberria, Ingurumen teknikaria. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Azaroan eta abenduan zehar, Gipuzkoako hainbat herritan 30 tailer egingo dira elektrizitate-kontsumoari buruzko datuak ezagutu eta hortik abiatuz erabaki egokiak hartzeko aholkuak emanez. Ostegunean izango da doako lantegia Zumaian, 17:30ean, Forondako KZ gunean.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetarako departamentuak, Gipuzkoa Argitu programa abiatu berri du. Ostegunean izango da doako tailerra Zumaian, 17:30ean, Forondan. “Programaren helburua da Gipuzkoako herritarrei bideak ematea eraginkortasun energetikoan aurrera egiteko, eta energia kontsumoa murrizteko”, aipatu du Garbiñe Olaberria departamentuko teknikariak.

2017, 2018 eta 2019 urteei begira prestatu duten ekintza planak hiru bloke ditu. Lehenengo blokea momentu honetan gauzatzen ari dena da, eta norberaren kontsumo datuak jakitearen eskubidea ezagutaraztea eta herritarrei horretan laguntzea da helburua. Bigarrengo blokean, behin datuak edukita, energia murrizketan eta eraginkortasunean laguntzea izango da asmoa. Azkenik, hirugarren blokea, energia hezkuntza izango litzateke. “Momentu honetan lehenengo blokean aurkitzen gara, hau da, datuaren ezagutzaren eskubideari buruzkoan. Alde batetik esan herritarrek eskubidea dutela datuak ezagutzeko. Azkenean beraien etxean, komertzioan edo lantokian egiten duten kontsumoa jakin dezakete, eta horretaz gain, ordu bakoitzean zenbat kontsumitzen den”, esan du.

Herritar askok ez dakite datuen ezagutza eskubide bat denik ere. “Faktura iristen zaie, pentsatzen dute hor dauden datuak direla ikusi daitezkeenak, ordaintzen dute eta kitto. Baina behin datuak ikusteko aukera dagoenean beste hainbat aldagai daudela ohartzen dira: adibidez, noiz diren kontsumo datu altuagoak eta baxuagoak, kontratatuta duten potentziara iristen diren edo ez, egiten duten kontsumorako egokia den tarifa duten edo ez...” jarraitu du.

Programak hiru bide

Programaren lehen blokea hiru bidetatik jorratuko da. Alde batetik, herrietan egingo diren tailerrak egongo dira. Horietan herritarrei erakusten zaie non eta nola topatu ditzaketen datuak, eta horretarako zein tokietan eman behar duten izena. “Horretaz gain, tailerrean bertan kontatzen dena hiru tutorialetan jaso dugu. Horiek argitu.eus webean kontsulta daitezke. Amaitzeko, Ingurumen departamendutik eta Usurbilgo lanbide eskolarekin elkarlanean, hilero antolatzen ditugun energia feriak daude. Bertan energiarekin lotutako gauzak azaltzen dira, eta aholkularitza puntu bat ere badaukagu edozein zalantza argitzeko”, kontatu du.

Iberdrola distribucion enpresaren tresnari esker (argindar banatzailea baita ia Gipuzkoa osoan), erabiltzaile bakoitzak bere datuak ikusi ahal ditzake, eta horrela jakin dezake kontsumoa zenbatekoa izan den, eta neurriak har ditzake kontsumoa murrizteko eta argindarraren faktura optimizatzeko. Tutorialari esker, honako datuak hauek jakin daitezke:

  1. Nola eskuratu zure argindar kontsumoaren datuak.
  2. Nola murriztu kontsumoa eta nola aukeratu tarifarik egokiena.
  3. Nola egiaztatu kontratatutako potentzia dela benetan behar duzuna.

Energia murrizketa eta eraginkortasuna bilatzea ez da diru kontua bakarrik. “Azkenean energiarekin daukagun harremana gure faktura da, eta gastatzen duguna dirutan neurtzen dugu. Baina datuak ezagutzeak tarifa murrizketarekin lagundu dezakeen bezala, kontsumoaren kontzientzian ere laguntzen du, eta beraz, bidea ematen du kontsumoa murrizteko ahalegina hartzen”, adierazi du.

Esperientzia pilotua

Argitu proiektu pilotua 2015. urtean abiatu zen, eta, hari esker, zenbait familiek ezagutu zuten beren etxebizitzetako argindar kontsumoaren eguneroko kurba. 400 familiak hartu zuten parte esperientzia hartan, eta familia bakoitzari kontagailu digitalak ezarri zitzaizkien etxean. “Neurgailuek datuak bidaltzen zituzten etxeetako modemera, eta horiek plataforma batetara bideratzen ziren. Erabiltzaileak ahalik eta modu errazenean ibiltzeko prestatuta zegoen plataforma, eta bertan aholku batzuk ematen ziren energia murrizteko”, adierazi du. Etxebizitzek %6 inguru murriztu zuten argindar kontsumoa ekimenak iraun zuen urtebetean. “Esperientzia honen bitartez ikusi genuen datuak ezagutzeak laguntzen duela energia aurrezten, gutxiago kontsumitzen”, baieztatu du.

Energiaren gaia, gai astuna eta gogorra dela aitortu du Olaberriak. “Orain arte nahiko gai ezkutua izan dela esan daiteke. Fakturan kontzeptu arraroak jartzen dira eta ez da iaz ezer banakatzen. Horrek sorrarazi du enpresekiko mesfidantza handia eta, orokorrean, sektorearekiko egotea. Baina zenbat eta ezagutza gehiago eduki funtzionamenduari buruz, errazagoa izango da herritarrentzat gai honetara iristea. Horregatik animatu nahi ditut herritarrak tailerretan parte hartzera. Hasieran denbora bat dedikatu behar zaio, baina gero emaitza etortzen da, eta lortzen den errendimendua baliagarria da”, esan du.

Amaitzeko, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetarako departamentuak energiaren kontsumoaren murrizpenean eta eraginkortasunean lanean jarraitzen du. “Orain berritu behar dugun energia berriztagarrien inguruko energia plan bat garatuta dugu, eta pobrezia energetikoarekin lotutako obserbatorio bat ere badaukagu martxan. Baina nolabait esateko herritarrei bideratutako lan-ildoa Gipuzkoa Argitu programa da. Eta hemen, lehen esan dudan moduan, gure helburuak dira datuen ezagutzan garrantzia jartzea, aurrezpena eta eraginkortasun energetikoa lantzea, eta energia hezkuntza garatzea. Eta nola ez, energia gaiak ez hain pisutsuak eta desatseginak izatea herritarrentzat”.