Argi ontziak irabazi du Zumaiako Klub Nautikoaren arrantza saria

Baleike 2017ko aza. 6a, 14:31

Larunbatean jokatu zen ainguratutako ontzitik egindako XIII. arrantza lehiaketako, Zumaiako Klub Nautiko Sariko, laugarren eta azken proba. 13 ontzik hartu zuten parte. Goizeko 10:00etan abiatu ziren portutik eta ontzi barruan zihoazen bi lagunek sei orduko epea zuten ahalik eta arrain gehien hartzeko. 

Aitz-txuri eta San Anton mendiaren artean egin zezaketen arrantza. Eguna lainotua esnatu zen eta euria egiteko arriskuarekin. Hala ere, proba amaitu arte ateri jarraitu zuen. Itsasoaren egoera, berriz, arrantzarako egokia izan zen. Hala ere, egindako arrantza ez zen handia izan. Antolakuntzak hartzeko moduko arrainen neurria handitu egin du eta horrek ere izan du eragina.

Guztira 117 arrain hartu zituzten (44,3 kilo). Handiena 925 gramoko muxarra izan zen, Argi ontziak hartutakoa. Laugarren proba honetako sailkapena honakoa izan da:

  1. Asilei: 48 arrain eta 17,6 kilo.
  2. Argi: 29 arrain eta 12,9 kilo.
  3. Cigala: 15 arrain eta 5,6 kilo.

Sailkapen orokorrean, puntuaketa txarrena kenduta, puntuetara berdinketa izan zen Argi eta Asilei ontzien artean. Guztira hartutako arrainen pisua hartu zen kontutan berdinketa hausteko. Sailkapen orokorra honela geratu da:

  1. Argi: 6 puntu eta 28,9 kilo.
  2. Asilei: 6 puntu eta 24,67 kilo.
  3. Kaskabeltza. 8 puntu eta 18,2 kilo.