‘Verano 1993’ filma kataluniarrarekin hasiko da ostegunean zine forum denboraldia

Baleike 2017ko aza. 1a, 18:17

Aita Mari zinean egin diren intsonorisazio lanek behartuta, Ostarrena zine klubak antolatutako 2017-2018 zine forum denboraldia ohikoa dena baino hilabete beranduago hasiko da. Bihar bertan emango zaio hasiera udazkeneko zikloari Verano 1993 pelikula kataluniarrarekin. Saioa 22:00etan hasiko da eta sarrerak 5 euro balioko du.

Carla Simon zuzendariaren debuteko lana da hau eta zuzendari berak bizi izan zituen gertaera batzuk ditu oinarri bezala. Amaren heriotzaren ostean, Fridak, 6 urteko haurrak, bere lehen uda pasatu beharko du amarik gabe; adopzio familiarekin egongo da, eta bizimodu berrira moldatu beharko du.

Pelikulak sekulako harrera izan du aurkeztu den zine jaialdietan. Aurtengo Berlingo jaialdian erakutsi zen eta han aurreneko pelikula onenaren saria eta epaimahaiarena jaso zituen, eta Malagan sari nagusia eta kritikarena eskuratu zituen. Ez hori bakarrik, Espainiako zine akademiak Oscar sarietarako Espainiako ordezkari bezala aukeratu du.

Urte bukaerara bitartean beste lau pelikula emango dira Aita Marin. Hamabost egun barru, azaroaren 16an, Christopher Nolan zinegile britainiarraren azken lana emango da, Dunkerque. Memento edo Origen bezalako lanen zuzendariak II. Mundu Gerraren hasieran izandako gertaera bat hartu du abiapuntutzak bere azken lana egiteko: Frantziako Dunkerque hirian izan zen ebakuazioa kontatzen du filmak. Alemaniako naziak Frantzian sartu zirenean, Erresuma Batuko, Frantziako eta Belgikako 300.000 soldaduk baino gehiagok ihes egin zuten. Kostaldetik aterata, Erresuma Batura joan ziren.

Azaroaren 30ean beste pelikula britainiar bat ikusteko aukera izango da: William Oldroyden Lady Macbeth. 2016ko Donostiako Zinemaldian FIPRESCI saria jaso zuen lan hau Ingalaterrako etxalde batean kokatzen da, 1865. urtean. Katherine ez da pozik bizi senar gisa duen gizon ezatsegin eta zaharrarekin, eta haren familia gaizto eta errukigabearekin. Etxaldeko langile gazte batekin maiteminduko da. Maitasun horretatik, sekulako indar geldiezina piztuko da emakume gaztearen barnean, eta ezerk ez dio galaraziko nahi duena lortzea.

Abenduko bi saioetan urrunagoko zinematografiaz gozatzeko parada izango da. Abenduaren 14an Mohamed Diab egipziarraren Clash filma emango da eta hilaren 28an, Train to Busan, zombien gaia eskutan hartuta, Hego Koreako Sang-Ho Yeon zuzendariak egindako pelikula.