“Klarinete-jole gazteentzat abiapuntua ere bada Maratoia”

Baleike 2017ko urr. 31a, 17:30

Hilabete eta erdi barru klarinete doinuak entzungo dira Zumaiako zenbait eraikinetan: Ubillosen, Komentuan, Alondegian... Euskal Herriko hainbat herrietatik etorritako musikariak hurreratuko dira Zumaiara aurten bere hamaseigarren aldia betetzen duen Klarinete Maratoian parte hartzera. Izen-ematea zabalik dago dagoeneko Sapere Aude Sinfonietta antolatzailearen webgunean. 

Azaroan egin izan ohi da klarinetea protagonista nagusia duen jardunaldia. Aurten, baina, abenduan egingo da, hilaren 13tik 17ra bitartean, hain zuzen ere. “Carlos Casadóren agendaren arabera antolatzen dugu. Ikusi behar da orkestrak noiz dituen data libreak bera hona etor dadin”, azaldu digu Marixi Sesmak, klarinete-jolea eta Zumaian egiten den Klarinete Maratoiko antolatzailea.

Aurten ere ez du hutsik egingo Carlos Casadó klarinete-jole valentziarrak eta Espainiako Orkestrako kideak. Bera da Maratoiko apeua. Klaseak emateaz arduratuko da eta, horrez gain, kontzertu bat ere emango du.

Taldekako klaseak ematen dira, baina bakarkakoetan parte hartzeko aukerak ere badaude. “Bakarkako klase hauek indarra hartu dute azken aldian. Lehen taldeko jarduerez gain, Carlosekin bi klase jasotzeko aukera izaten zen. Orain ere bai, baina bere agenda koadratzea erraza ez denez, orain bakarkako klase bat astean zehar emango da eta bestea asteburuan”.

Maratoian urteko 80 eta 90 ikasle inguru biltzen direla azaldu du Sesmak. “100 etortzen badira ongietorriak izango dira”. Interesdunek abenduaren 1a arte dute aukerawww.sapereaudesinfonietta.com/klarinete-maratoia helbidean.

Lehiaketa eta kontzertuak

Zumaiako Musika Eskola Bandan eta Musika Bandan klarinete-jole gutxi zegoen garaian sortu zen lehen Klarinete Maratoia. Helburu hori aspalditik beteta dute topaketa hauek eta ordutik bere baitan sortutako jarduerei bultzada eman zaie, hala nola, laukoteen lehiaketari. Sesmaren esanetan, gero eta indar handiagoa duen lehiaketa da hau. “Hiruzpalau urte dira antolatzen dugula eta iaz hamahiru laukotek hartu zuten parte. Adin hauetako musikariek duten foro bakarretakoa ere bada”.

20 urte arteko klarinete-joleei zuzendutako lehiaketa da hau eta hiru multzotan banatzen dira: 8 eta 12 urte bitartekoak, 13 eta 16 urte bitartekoak eta 17tik 20ra bitartekoak. “Musikariek baldintza bat dute: zortzi minutu dituzte nahi duten errepertorioa defendatzeko. Hortik aurrera, beraiek antolatzen dira eta egiten dituzte entseguak. Autonomia bat lortzen dute. Maratoiak musikari gazte hauen sare bat sortzea ere lortu du eta oso polita da hori. Maratoia abiapuntu bat ere bada gazte hauentzat”. 

Laukoteen lehiaketa larunbat arratsaldean egingo da komentuan. Aurtengo Maratoian egingo diren lau kontzertuetako bat izango da. Lehen egunean, 13an, ikasleen kontzertua egingo da. 14an ohiko pintxo-pote musikala egingo da, aurtengoan, Valentin Manterola pintorearen estudioan eta 15ean irakasleen kontzertua egingo da, komentuan. “Indarra hartzen joan den emanaldia da eta dagoeneko irakasleen ensemblea ere sortu da”.

Amaitzeko, igande arratsaldean, Alondegian, kamera kontzertua egingo da. “Carlosek disko bat grabatzeko asmoa du, eta berotze moduan, piano eta klarineterako errepertorio horrekin osatutako kontzertua emango du”.