Abizenak euskaraz jartzeko aukerak jarraitzen du

baleike 2017ko urr. 31a, 13:06

Zumaiako Udalak urrian zehar izan du martxan abizenak euskaratzeko kanpaina. Hilabetea gaur amaitzen da, baina, interesdunek urte osoan zehar egin ahal izango dute aldaketa.

Abizenen grafia euskarara aldatzeko kanpaina antolatu du Zumaiako Udalak, Euskararen Aholku Batzordearen ekimenez eta UEMArekin elkarlanean urrian zehar. Hala ere, nahi duenak, urte osoan egin dezake euskararako aldaketa.

Aldaketa egitera Bake Epaitegira joan behar da (Kantauri plaza 6), agiri hauek hartuta:

 • Errolda-agiria: udaletxeko harreran ematen dute (Foruen enparantza 1)

• NANaren fotokopia (adin txikikoa izanez gero, gurasoena ere bai)

• Familia-liburuaren fotokopia (seme-alabarik izanez gero, haienak ere aldatzeko). 

• Hitzez hitzeko jaiotza-ziurtagiria: Zumaian jaioa bazara, Bake Epaitegian bertan emango dizute.

Bake Epaitegian betetzen duten eskabidea sinatu behar da.

Gaiaren inguruko zalantza batzuk argitzeko, ohiko galdera-erantzunak eskura daude hemen.  Argibide gehiago jasotzeko, deitu zuzenean Bake Epaitegira, goizez (943860067) edo idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera.