Itsas ondarearen inguruko irteera gidatuak antolatu ditu Mankomunitateak

Baleike 2017ko urr. 30a, 18:03

Itsas ondarearekin lotutako bost irteera gidatu antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak. Lehena azaroaren 5ean egingo da Orion eta azkena abenduaren 3an, Aian. Tartean, azaroaren 12an, Elkanoren bigarren bidaia eta Zumaiako itsas sendi handien inguruko hitzaldi ibiltaria egingo da Zumaian. 

Goiz erdiko bost hitzaldi ibiltari dira guztira, gaian adituak diren pertsonek gidatuta. Bidean, aditu horrek azalpen eta argibide ugari eskainiko ditu. Parte hartzeko ez da ezer ordaindu behar, baina aurrez izena eman behar da.

ORIO, azaroak 5

  • HITZALDIA: Nolakoa zen Victoria naoa? XVI. mendeko euskal ontzigintza eta Orioko ontziolak.
  • HIZLARIA: Lourdes Odriozola Oyarbide
  • LEKUA: Orio.
  • DATA: Azaroak 5, igandea, goizeko 11:00etan.
  • IBILBIDEA: Orioko udaletxe aurrean hasi eta Mutiozabal ontziolan bukatuko da. Orioko alde zaharrean eta Oria ibai bazterrean zehar burutuko den ibilbide honetan XVI. mendeko euskal ontzigintzari eta Orion jarduera honek izandako garrantzi historikoari buruzko argibideak eta elementuak ezagutuko ditugu.

ZUMAIA, azaroak 12

  • HITZALDIA: Elkanoren bigarren bidaia eta Zumaiako itsas sendi handiak.
  • HIZLARIA: Iosu Etxezarraga Ortuondo
  • LEKUA: Zumaian.
  • DATA: Azaroak 12, igandea, goizeko 11:00etan.
  • IBILBIDEA: Olazabal Idazkariaren jauregi aurrean hasi eta San Pedro parrokian amaituko da. Elkanoren bigarren espedizioaren inguruko gertakariak eta bertan parte hartutako zumaiarren historia ardatz bezala hartuz, garai hartan itsas jardueretan parte hartzen zuten Zumaiako hainbat sendiri buruzko argibideak ezagutuko ditugu.

ZARAUTZ, azaroak 19

  • HITZALDIA: Elkanoren senitarteko zarauztarrak.
  • HIZLARIA: Xabier Alberdi Lonbide
  • LEKUA: Zarautz.
  • DATA: Azaroak 19, igandea, goizeko 11:00etan.
  • IBILBIDEA: Zarauzko udaletxe aurrean hasi eta Frantziskotarren komentuan amaituko da. Maiz, Zarautzek iraganeko itsas jarduera handiekin zerikusi gutxi izan zuela uste den arren, Elkanotarrekin lotura izan zuten hainbat sendiren (Portu, Zarautz, Manzisidor...) historiari eta itsas jarduerei buruzko berriak ezagutuko ditugu.

GETARIA, azaroak 26

  • HITZALDIA: Azter dezagun Getariako Elkanoren Monumentua.
  • HIZLARIA: Ismael Manterola Ispizua
  • LEKUA: Getarian.
  • DATA: Azaroak 26, igandea, goizeko 11:00etan.
  • IBILBIDEA: Getariako Udaletxe aurrean hasi eta Elkanoren Monumentua zehatz mehatz aztertuko dugu. 1924an inauguratutako monumentu hau Agustín Aguirre eta José de Azpiroz arkitektoek diseinatu zuten eta Victorio Macho eskultorearen lanak ditu. Monumentuaren eraikuntzaren nondik norakoak eta bere balio artistikoa ezagutuko ditugu.

AIA, abenduak 3

  • HITZALDIA: Elkanoren dokumentuak Laurgaingo Jauregian.
  • HIZLARIA: Borja Aguinagalde Olaizola
  • LEKUA: Aia.
  • DATA: Abenduak 3, igandea, goizeko 11:00etan.
  • IBILBIDEA: Laurgaingo jauregi aurrean hasi eta bukatuko da. Laurgaingo bailarako elementuak (jauregia, San Migel parrokia, serorategia...) ikusiko ditugu ibilaldi honetan zehar eta Laurgaingo jauregiko sendien berriak, itsas jarduerak eta Elkanorekin dituzten loturak ezagutuko ditugu.

Informazioa eta erreserbak:

Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako turismo bulegoak eta Aiako udaletxea.