“Etorkizunari begira egindako obra da”

baleike 2017ko urr. 27a, 20:24

Paolaldeko dikera egindako bisitan, Oier Korta alkatea eta Arantxa Tapia sailburua izan dira gaur arratsaldean. Egin diren lanekin gustura agertu dira biak.

“Itsasoaren aurrean ezin da ezer ziurtatu, baina espero dugu behin betiko konponketak izatea”, aipatu du Oier Korta alkateak. Pozik dago Eusko Jaurlaritzak obra honen aurrean egin duen apustuarekin. “2014ko itsasaldian haustura handi bat egin zen, eta ez dikearen alde zaharrean bakarrik, muturrean ere bai, eta beraz, hori ere sendotzea egin da”, jarraitu du.

Arantxa Tapiaren iritziz, obra hau egitea beharrezkoa izan da. Duela hiru urteko denboralearen ondorioz dikea erabat hondatu zen. “Bi motatako lanak egin zitezkeen: konponketa lanak egin eta aurrera joan, edo zerbait egiturazkoa egin eta datozen urteetako prestatu”, adierazi du.

Kezkak dikearen altuera dela-eta

Tapia berak aitortu duen moduan, herritar askoen kezka da dikeak hartu duen altuera. “Konturatu gara herritarrei atentzioa deitu diela 1930eko dike zaharra gora eramatea. Orain arte beste era batera ohituta egon hara eta harridura sortzen du. Baina, azken urteetako olatuak eta itsasoa nola datorren ikusita, obra honek urteetan zehar iraun behar du, eta horretarako altuera eman behar izan da. Ez da kapritxoa izan”, gaineratu du.

Obraren atzerapena dela eta, herritarren ezinegona ulertzekoa dela aipatu dute biek. “Zumaiarrek asko erabiltzen dugun eremua da, eta ulertzekoa da ezinegona. Baina egin den inbertsioa eta lana ona da, herriak eskertuko du lana”, esan du alkateak. “Itsasoan egiten diren obrekin beti gertatzen den moduan, obra atzeratu egin da. itsasoaren arabera egiten dira lanak, beraz, pixka bat atzeratu da, egia da, baina espero da urte bukaerarako erabat irekita egotea”, jarraitu du sailburuak.

Bukatzeko, dikearen lehen zatian jarri diren blokeen koloreaz mintzatu da Tapia. “Kolorearen aldetik ere badago arazo bat. Azken fase honetan bloke horiei trataera bat emango diogu zaharkitze prozesua azkarragoa izan dadin, eta horrela alde zaharrean dauden blokeen kolorearekin askoz ere mimetizatuagoa geldituko da”.

Erlazionatuak