Errigorako produktuak eskatzeko aukera dago Zumaian

baleike 2017ko urr. 27a, 10:04

Eskaerak bi modutara egin daitezke: Errigorako webean, edota, Inpernupe tabernan. Azken eguna azaroaren 14a izango da, eta erosketen %25 Nafarroa Hegoaldeko euskalgintzari emango zaio.

Errigorak proiektu berean biltzen ditu honakoak: batetik, Nafarroa hegoaldeko nekazariak eta gertuko ekoizleak; bestetik, nafar erriberako euskalgintza (AEK, Ikastolak, ...); eta, azkenik, Euskal Herri guztiko jatun kutixizaleak eta herritar arduratsuak.
 
Errigorako produktuak jaso nahi dituztenek bi kaxa izango dituzte aukeran: kaxa beltza eta kaxa zuria. Bakoitzak bere barnean produktu-sorta ezberdina izango du (kontserbak, olioa, gailetak, pasta,...). Beti ere, Nafarroako Erriberako produkturik onenak biltzen dituzte, kalitatezko kutixiak.
 
Udazkeneko kanpainan, erosketen %25 Nafarroa Hegoaldeko euskalgintzari ematen zaio zuzenean. Aurreko urteetan bezala, Zumaian ere eskaerak egiteko aukera izango da, bi modutara:
 
-Online: www.errigora.eus webean.
-Inpernupe tabernan. 
 
Atzo abiatu zen kanpaina eta azaroaren 14a izango da azken eguna.