Emakumeen diskriminazioaz mintzatuko dira Compi jardunaldietan

baleike 2017ko urr. 26a, 15:16
Patricia Ponce, Haurralde fundazioko arduraduna.

Bihar eta etzi Oxford aretoan egingo diren jardunaldietan Espainia osotik etorritako hizlariak izango dira askotariko diskriminazioaz hitz egiten. Egoera horien aurrean ekintza feminista eta intersekzionalitatea dira ardatz.

Bihar arratsaldean eta larunbat goizean Compi jardunaldiak egingo dira Zumaian. Espainiako emakumeen partaidetzarako eta berdintasunerako elkarteen koordinatzailea da Compi. Urtero autonomia erkidego batean antolatzen dituzte jardunaldiak eta aurten, Euskadin izango dira. Haurralde Fundazioko arduraduna den Patricia Poncek kontatu duenez, “Zumaia oso herri erakargarria da eta gainera, bertako Udalarekin eta berdintasun sailarekin harreman oso ona da. Aurretik feminismoaren inguruko ekintzak antolatu izan ditugu, eta hori dela eta,  Zumaia aukeratu dugu jardunaldi hauek egiteko”.

Askotariko diskriminazioaren aurrean jasotzen diren ekintza feministen inguruan mintzatuko dira bi egunetan. Diskriminazio egoera hauek esparru anitzetan ematen dira: adineko emakumeetan, emakume gazteetan, emakume nekazarietan eta emakume etorkinetan, esaterako. Emakume nekazarien kasuan adibidez, larunbatean Hitzez (baserriko emakumeen elkartea) taldeko lehendakaria den Ana Eizagirre zumaiarrak bere esperientzia kontatuko du, besteak beste.

Intersekzionalitatea

“Gizarteko kolektiboak ez dira homogeneoak. Imajina ditzakegun diskriminazio egoera guztiak gauzatzen dira oraindik ere, eta horiek zerikusia dute errealitatea begiratzeko eta ulertzeko moduarekin”, adierazi du Poncek.

Azken urteetan intersekzionalitatea deitzen den korrontea ari da nabarmentzen. Korronte honek diskriminazio egoeren logikak aztertzen ditu. “Intersekzionalitatearen arabera, diskriminazio egoerak faktore askoen elkarreraginaren ondorioz gertatzen dira, eta gai horri buruzko lanketa bat burutzean, ezin gara aldagai batean gelditu. Aztertu behar dugu pertsona hori emakumea edo gizonezkoa den, etorkina den edo ez, desgaitasuna duen edo ez...”. Korronte honek, beraz, errealitate anitza hainbat ikuspuntutatik aztertzen du. “Genero diskriminazioa edo perspektiba lantzeko ezin gara bakarrik generoaren aldagaian gelditu; konturatu gara ez dela nahikoa”, jarraitu du.

Guztira 50 bat izen-emate egin dira eta pozik agertu da Ponce. “Horrelako espazioetan lan egitea onuragarria da. Ezagutzak handitzea ekartzen du, izan ere, besteek lan egiten duten esparruko errealitateak ezagutzen dira”, esan du.

Jardunaldia bihar hasiko da 17:00etan eta lehen hizlaria Dolores Montoro Deustuko ikertzailea izango da. Ondoren, Rosa Llurbak adineko emakumeen inguruan hitz egingo du, eta bukatzeko, Alba Perez izango da emakume gazteen errealitateaz mintzatzen.

Larunbatean, 10:20an hasiko da saioa. Emakume nekazarien inguruan hitz egingo hasieran, eta ondoren, Malen Etxeko Silvia Carrizok etxeko emakume langileek jasaten duten diskriminazioa aztertuko du. Poncek, aldiz, Euskadi mailan egin diren ekintzetan jarriko du fokoa. Eguna lan-taldeak eta partekatze lanak eginez amaituko da.