Ostegunean Biarritzen hasiko den Munduko Kopan hartuko du parte Iñaki Goikoetxeak

baleike 2017ko urr. 24a, 12:14

Ekhi bikotekidearekin batera, Espainiako selekzioaren izenean jokatuko du puntista zumaiarrak. Munduko Kopako bosgarren edizioa izango da eta Espainia, Mexiko, Frantzia eta Kuba izango dira herrialde partaideak. Urriaren 26tik 31era iraungo du txapelketak.

Frontoira bueltatuko da datozen egunetan Iñaki Osa Goikoetxea puntista. Hain zuzen, Munduko Kopako bosgarren edizioan hartuko du parte Biarritzen eta Paun jokatuko diren partidetan. Ekhi bikotekidearekin batera, Espainia ordezkatuko du txapelketa honetan.

Bi taldetan banatua dago lehia. A taldean, Espainia A: Goikoetxea-Ekhi, Frantzia B: Olharan-Etcheto, Mexiko B: Inclan-Perez eta oraindik pilotarien izenak zehazteke dauden Kubako taldea izango dira. B taldean, berriz,  Frantzia A: Olha-Irastorza, Espainia B: Erik-Aldazabal eta Mexiko A: Egea-Ricky izango dira. 

Goikoetxearen lehen partida ostegunean izango da Frantzia B-ren aurka, 20:00etatik aurrera. Ostiralean, Mexiko B-ren aurka lehiatuko da, eta larunbatean Kubaren aurka.

Igandean final aurrekoak jokatuko dira Biarritzen eta Paun, eta final handia asteartean izango da, hilaren 31ean, 21:00etatik aurrera, Biarritzeko frontoian.